/ Aktualitatea / Diversidad / Lau ekitaldi, Giza Eskubideen eta Pertsona Migratzaileen Nazioarteko Egunen harira
Tolosaldea Garatzeneko Migrazio eta Aniztasun Sailak, Villabona-Amasa, Anoeta eta Tolosako Udalekin eta Zutani eta Mestiza elkarteekin elkarlanean, lau hitzordu antolatu ditu, pertsona migratzaileen inguruko zurrumurruen aurka kontzientzia pizteko.
Abenduaren 10a Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna da, eta hilaren 18a, berriz, Pertsona Migratzaileena. Bi egun horien aitzakian, atzerritik iritsitako herritarren inguruan zabaltzen diren estereotipo eta zurrumurruak ekiditeko lau kultur ekitaldi antolatu ditu Tolosaldea Garatzeneko Migrazio eta Aniztasun Sailak, udalen laguntzarekin. Ekintza hauek Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Villabona-Amasa eta Tolosako udaletako dirulaguntzekin aurrera eramango ditugu. Abenduaren 11an, Tolosako emakumeentzako jabetze eskolari lotuta, “Hija de inmigrantes” liburuaren aurkezpena egingo da Safia El Aaddam egilearekin Andragoran, Tolosaldeko Emakumeen Etxean Tolosan 18:00tan. Izen ematea Andragoran bertan edota Tolosako udalean berdintasun sailean online egin ahal da. Abenduaren 13an, Villabonako Gurea zinean, 9:30etan Behibi´s antzerki konpainiaren eskutik “Bueltaka” txontxongilo antzezlana izango da ikusgai. Migrazioa eta ingurumena uztartzen dituen antzezlana da, Villabonako hezkuntza komunitateari zuzenduta, LH 4 eta LH5eko ikasleei zehazki. Abenduaren 19an, Tolosan Zutani elkarteak antolatutako Xabier Madariagarekin hitzaldia entzuteko aukera izango da, 18:30etan Tolosako Topic aretoan. Abenduaren 27an, “Liburu bat, mundu bat” ipuinkontaketaren 2 saio izango dira Anoetako liburutegian Mestiza elkartearen bitartez.