/ Aktualitatea / Noticias / Hipoteka eratzeko gastuei buruzko hitzezko judizioaren demanda eta kontsumitzailearen aldeko epaia izapideak egiteko onartu dira.
Tolosaldeko KIUBeko (Kontsumitzailearen Informaziorako Udal Bulegoa) erabiltzaile batek bere bankuak hipoteka eratzeko gastuengatik bidegabeki kobratutako 1.000 eurotik gora berreskuratzea lortu du.
Demandatzaileak hipoteka-maileguko kontratu bat sinatu zuen bere finantza-erakundearekin 2015ean. Eta, orduan, hipoteka eratzearekin lotutako ia gastu guztiak ordaindu behar izan zituen. 2021eko urriaren 25ean, Auzitegi Gorenak horri buruz emandako hainbat erabakien ondoren, bankuak idazki bat bidali zion, non hipoteka-gastuei buruzko 5. klausularen deuseztasuna jakinarazi zion. Kontsumitzaileak Tolosaldeko KIUBean beharrezko informazioa bildu ondoren, erreklamazio formala egin zion Bankuari. Honek ukatu egin zion zenbateko horiek itzultzea, erreklamatzeko epea igaro zela argudiatuz. Bankuak ezezkoa eman ondoren, eta Tolosaldeko KIUBak gomendatuta, azken horrek adierazitako aholku eta jarraibideei jarraitzeaz gain, kontsumitzaileak hitzezko judizioko demanda bat aurkeztu zuen epaitegian.
Honaino iritsita, garrantzitsua da adieraztea hitzezko judizioaren demanda 2.000 euro baino gutxiagokoa denean, ez dela beharrezkoa kontsumitzailea abokatuak eta prokuradoreak lagunduta joatea.
Auzitegiak demanda izapidetzeko onartu zuen. Eta Bankuak bere defentsan akzioa egikaritzeko epearen preskripzioa alegatu zuen arren, Epaitegiak ez du alegazio hori onartu; izan ere, gastuak erreklamatzeko akzioa 5 urteko preskripzio-epeari lotuta dagoela argudiatu zuen. Epe hori zenbatzen hasten da demandatzaileak bosgarren klausularen deuseztasunaren berri izan zuenetik –hipoteka-maileguaren kontratu-gastuei buruzkoa–. Demandatuak 2021eko urriaren 25ean alderdi hori jakinarazteko lehen aipatutako idazkia igorri zionean baino ez zen izan.
Beraz, Epaitegiak kontsumitzailearen aldeko epaia eman du. Horrenbestez, kontsumitzaileak 1.000 euro baino gehiago berreskuratu ditu bidegabeki kobratutako hipoteka-gastu batzuen kontzeptupean, inolako gastu gehigarririk egin gabe.
Gogora dezagun, abusuzko klausula baten deuseztasuna eskatzeko, beharrezkoa dela prozedura arrunt batera jotzea abokatuarekin eta prokuradorearekin. Hala ere, Auzitegi Gorenak adierazi zuen hipoteka eratzeko gastuei buruzko klausulak baliogabeak zirela gehiegikeriagatik. Eta baliogabetasun horren adierazpenaren ondorioz kobratzeke zeuden zenbatekoak erreklamatu besterik ez da egin behar. Hori dela eta, garrantzitsua da alderdi hori demandaren eskaeran zehaztea; hitzezko prozeduran izapidetzea onar dadin eta Auzitegiak prozedura arrunt batera bidera ez gaitzan, horrek gastuak baitakartza.