/ Aktualitatea / Noticias / Enpleguaren, fakturazioaren eta inbertsioen jaitsierak, pandemiak eskualdeko enpresetan utzi dituen ondorio nagusiak
Berrekin Tolosaldea egitasmoaren bitartez, osasun krisiak eskualdeko enpresa-sarean nola eragin duen aztertu du azken hilabeteotan Tolosaldea Garatzenek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapenerako Departamentuaren babesarekin.
Orotara 100 enpresa bisitatu eta elkarrizketatu dituzte garapen agentziako teknikariek: industria eta zerbitzu alorreko 50; ostalaritza eta turismo sektoreko beste 30; eta ekintzaileek sortu berri dituzten hogei enpresa.
Azterketarako hiru esparrutan jarri dute azpimarra: alor ekonomikoan, negozioaren ardatzan eta etorkizunean. Eta guztia aztertuta, pandemiaren eragina nabaria izan da, batik bat hiru esparrutan: oro har, enplegua, fakturazioa eta inbertsio maila jaitsi dira 2019tik 2020ra, nahiz eta sektoreka aldeak dauden.
Negozio-ardatzaren azterketak erakutsi duenez, ia enpresa guztiek adierazi dute langileak jarduerara eta bezeroen susperraldira itzultzea helburu zuten ekintzak izan direla gehien garatu direnak. Hala ere, enpleguan beherakada izan da.
Turismoari lotutako aktibitateetan gertatu da enplegu galerarik nabarmenena, %32,8. Are handiagoa da, konkretuki, ostalaritzan eman den jaitsiera, %42,3, itxieren eta neurri murriztaileen ondorio. Establezimenduen batez bestekoari begiratuta, 2019an 5,7 langile zituzten aztertutako enpresek, eta 2020an 4,3koa izatera pasa da tasa. Doikuntzak eta bestelako egoerak ere gertatu dira: ERTEak, erretiroen atzerapenak, plantillen murrizketa…
Jaitsiera ez da horren nabaria izan industria- eta zerbitzu-enpresetan. Aztertutakoen artean, 41,5 langile daude batez beste, 2019an baino puntu erdi gutxiago. Orotara 1.506 enplegu izan zituzten joan den urtean, aurrekoan baino %1,5 gutxiago.
Antzerakoa da datua ekintzaileen kasuan: aztertutako negozioen enplegu-galera %2,4koa da, 2019ko 2,1eko batez bestekotik, iaz 2,0ra pasaz.
Diru-sarreretan beherakada handiagoa gertatu da. Hemen ere eragin handiena turismoan eman da, %36,6 gutxitu baita: 2019ko batez besteko 497.281 eurotik, iazko 364.025 eurora. Alojamenduen kasuan, ordea, %50era igotzen da galera.
Industria- eta zerbitzu-enpresen kasuan, berriz, %84,6ak adierazi du zuzenean jasan dutela osasun krisia, eta %11,5ak zeharka. Inpaktu horren ondorio izan da fakturazioaren jaitsiera. Batez beste, 11 milioi euroko sarrerak izan zituzten 2019an; iaz, aldiz, %19 gutxiago (8,9). Hau da, aztertutako 50 enpresen fakturazio osoa 313,6 milioi eurokoa izan zen 2020an, aurreko urtean baino 84,8 gutxiago. Hala ere, batzuk adierazi dute jaitsiera ez dela izan hasieran aurreikusi bezain handia.
Ekintzaileek sortutako enpresen kasuan, %5,5 jaitsi da diru-sarreren kopurua, 205.772 eurotik, batez besteko 194.480 eurora.
Ekonomia- eta finantza-alorra aztertuta, emaitzek erakusten dute enpresek egindako ekintza gehienak gastuak murrizteari eta aurrezkiak ezartzeari buruzkoak izan direla, baita salmenta eta diru-sarrerak berreskuratzeko ekintzak ere. Inbertsioak gutxitzea edo etetea izan da horren ondorio nabarmenena, eta hiru sektoreetan mantendu da joera hori.
Bereziki turismoan eta industrian eman da beherakada handiena: %62 eta %59, hurrenez hurren. Turismoan bereziki detektatu dira beren biziraupenaren beldur diren establezimendu asko, eta horiek ez dute inbertsioak egiteko gaitasunik.
Enpresa industrialen kasuan, berriz, 876,7 mila euroko inbertsio metatua egin zuten 2019an; iaz, aldiz, batez bestekoa 359 mila eurokoa izan zen.
Ekintzaileen artean, aztertutako 20 enpresatik zazpik soilik adierazi dute inbertsioren bat egin dutela azken bi ekitaldietan. Urteen alderaketa eginda, %31,4 txikiagoa izan zen iaz.
Egoera honek bestelako ondorio gehiago utzi ditu. Ziurgabetasuna da gehien errepikatu den hitza, bereziki, neurri murriztaileek, irekiera-itxierek eta neurrien aldaketek sortuta, batik bat.
Lan egiteko modua aldatu behar izan dute beste askok, batez ere industria sektoreko enpresen kasuan. Telelanak, esaterako, inbertsioak helburu horretara bideratuta egitea behartu du sarritan.
Kontsumo berrietara egokitzeko izan dira egin diren gainerako aldaketa handienak, estrategian aldaketa handirik eragin gabe. Ostalaritzak, esaterako, eskaintza egokitu du: produktua bera, banaketa sistemak, etxerako zerbitzuak… Hala ere, kanalak dibertsifikatu arren, bitartekaritzak banaketan eta salmentan pisu handia izan duela nabarmendu dute.
Bezero berriak bilatzeko zailtasunak ere atzeman dituzte Industria- eta zerbitzu-enpresek, eta beste zenbaitek nabarmendu dute euren bezeroekin harremana hoztu dela, presentzialtasuna jaisteak eraginda.
Etorkizuneko gakoak eta erronkak identifikatzea izan da azterketaren beste helburuetako bat. Zentzu horretan, bi dira identifikatu diren behar nagusiak: produktuen dibertsifikazioa eta digitalizazioa.
Azken honetan jarri dute helburua enpresa askok. Ekoizpena gehiago digitalizatzea edota automatizatzea funtsezkoa dela iritzi diote, zerbitzu gertuago, azkarrago eta eraginkorrago bat eskaintzeko, baita bezero berriak eta potentzial handiagokoak eskuratzeko ere.
Turismo sektoreak dagoeneko eman ditu urrats batzuk norabide horretan: online erreserba eta erosketak, dirurik gabeko ordainketak, QR bidezko karta… Hala ere, digitalizazioa areagotzeko beharra nabaritu dute.
DESKARGATU TXOSTEN OSOAAzterketaik harago, diganosian parte hartu duten enpresa guztiei analisi indibidualizatua egin zaie, bakoitzaren erronkak definitu eta horiei erantzuna emateko tresnak eskainiz. Enpresa bakoitzaren beharretara egokitutako txosten bat osatu da, eta bertan bildu dira jarritako helburuak lortzeko eskura dituzten programa, zerbitzu, formazio eta diru-laguntzak.
Tolosaldea Garatzenek, hain zuzen, programa, laguntza eta egitasmo ugari kudeatzen ditu, zuzenean edo zeharka, esparru hainbatetan garatzeko aukera eskaintzen dutenak. Horien berri izateko, sail bakoitzarekin harremanetan jar ditezke enpresa guztiak.
HARREMANETARAKO