/ Aktualitatea / Ayuntamientos / Movilidad / Eskualdeko mugikortasunaz hausnartzeko erakusketa, Tolosaldeko hainbat herritan
Gaur egungo mugikortasun-ereduaren kultura-aldaketa bultzatzeko lanean dabil Tolosaldea, horretarako herritarrak engaiatuz. Ibilgailu pribatuaren erabilera altua –%54– irauli, eta beste garraio iraunkorrago batzuen erabilera sustatzea da eskualdeko erakundeen helburua: garraio publikoa, bizikleta, ibilgailu elektrikoak…
Baina bide horretan ere planteatzen dira zenbait erronka. Nola bermatu mugikortasun-eredu iraunkor bat landa-eremuan? Zeintzuk dira premiak? Bada, horrelako galderei tiraka, herritarrengan hausnarketa eragiteko espazio bat sortu du Tolosaldea Garatzenek.
Ostiraletik aurrera, zortzi panelez osatutako erakusketa bat jarriko da Tolosako Trianguloan, Kultur Etxearen aurrean. Hilaren 18ra arte izango da bertan. Ondoren, eskualdeko beste zenbait herritara lekualdatuko da: Baliarrainera (urriak 24-25), Ibarrara (urriak 26 – azaroak 1), Zizurkilera (azaroak 3-8) eta Altzora (azaroak 9-15).
Eskualdearen mugikortasun-erronka nagusiak azaltzeaz gain, gurean nahiz kanpoan martxan jarri dituzten proiektuak ezagutara emango ditu erakusketak.
Targazki taldearen laguntzarekin antolatutako argazki lehiaketako saridunen lanak ikusteko ere aukera izango da erakusketa horretan. Hain zuzen, mugikortasunaz hausnar egin eta nahi zuten eran irudika zezaten eskatu zitzaien parte hartzaileei.
Eli Moreno izan da lehiaketako irabazle nagusia, Patinetan izeneko argazkiarekin; bigarren saria Jon Dorronsorok irabazi du; eta Jose Antonio Abaigarrentzat izan da hirugarrena.
Gazteen mailan, berriz, Izaro Lopetegi izan da garaile; Beñat Rodrigok eskuratu du bigarren saria, eta Amets Azpilikuetak, hirugarrena.