/ Aktualitatea / Ayuntamientos / Aldaketak garraio publikoaren zerbitzuan, Tolosako Iñauteriak direla-eta
Heldu da inauterietarako azken atzera kontua eta Tolosako Udalak jai egunei loturiko azken oharrak azpimarratu nahi ditu, garraio publikoari eta herritarren segurtasunei loturikoak.
Garraio publikoa indartuko da eta aldaketak egongo dira ibilbide eta ordutegian
Ostegunean, goizeko 12:00etatik hasita asteazkena arte (goizeko 10:00ak), aldaketak egongo dira garraio publikoan.
Lurraldebusari dagokionean, herriko erdigunean egingo diren trafiko itxierak direla eta, herri kanpotik egin beharko dute ibilbidea eta horrenbestez, Donostiarantz doazen autobusek, esaterako, Kondeaneko aldapan, Santa Klaran (Napar Zubiaren parean) eta Larramendin egingo dituzte geldiuneak. Beste norantzakoek ere, gauza bera egingo dute.
Horrez gain, otsailaren 16an, 18an, 19an eta 20an gaueko autobus zerbitzua ere eskainiko du Lurraldebusek, Abaltzisketa, Berastegi eta Asteasuko norantzetan, hain zuzen.
Hiribusean ere aldaketak egongo dira. Larunbata bitartean herrigunetik pasako da eta geldiuneak egingo ditu, besteak beste, Santa Klaran, Foruen kalean, Geltokin… Larunbatean bertan, eguerdiko 12:30etik aurrera, erdigunera sarbidea itxiko da eta ibilbidea herria inguratuz egingo du: Santa Klara, Kondeaneko aldapa, Iurramendiko errotonda, kiroldegia, Amarotz… Igandean, astelehenean eta asteartean, halaber, zerbitzua goizeko 10:30-14:30 eta arratsaldeko 16:00-22:00 bitartean eskainiko da.
Edozein kasutan, udaltzaingoak ohar informatiboak jarriko ditu markesina guztietan.
Kasu honetan, tren zerbitzua ere indartu egingo da eta igandetik asteartera bitartean, ordutegian aldaketak egongo dira eta gaueko tren zerbitzu berezia ere eskainiko da.
Autobus, hiribus zein tren ordutegien eta ibilbideen aldaketaren inguruko informazio guztia eskuragarri dago udal webgunean, esteka honetan.