/ Aktualitatea / Empresa / Foro Lehiberri / “Berrikuntza ez da beti gauza berriak sortzea; daukazuna hobetzea ere bada»
Hainbestetan tradizional gisa definitu den sektore batean, nola lortzen da bezeroari esperientzia berriak eskaintzen jarraitzea?
Casa Eceizan gozatzeko gozogintza egiten dugu, eta sekretua esentzia hori ez galtzea da. Industria baino gehiago, gure burua obradore handi modura definitzea gustatzen zaigu. Horregatik, gozotegi tradizional baten prozesuak erreproduzitzen saiatzen gara, errezeta originalak erabiliz, baina lote handiagoak eginez eta ukitu berritzaileak uztartuz.
Nola ulertzen dira tradizioa eta berrikuntza?
Lehen esan dizudan bezala, gure prozesuek eta errezetek gozogintza tradizionala dute oinarri, baina prozesu horien automatizazioa ezinbestekoa da gure eskari handiari erantzun ahal izateko. Horrek merkatuan kalitatezko produktu artisau batekin sartzeko aukera ematen digu, baina prezio lehiakorrean. Horretarako, gure I+G sailaren eta gure talde teknikoaren arteko elkarlana etengabea da; gure zutabe estrategikoetako bat da.
Zenbateraino aplika daitezke teknologia berriak prozesu tradizional horietan?
Lehengai nobleak erabiltzen ditugu, kontserbagarririk, gehigarririk eta prestakin industrialik gabeak. Horregatik, egiten ditugun masek ez dute beti portaera egokia merkatuan aurkitu dugun makineria estandarrarekin. Kasu batzuetan, guk geuk barruan garatu ditugun elementuei esker, lortu ditugu automatizazio batzuk, eta beste batzuetan, merkatuan dauden ildo estandarrak egokitzen joan gara.
Orduan, esan al liteke Casa Eceizak bere teknologia garatzen duela?
Gure teknologia garatu baino gehiago, I+Gko sailaren eta sail teknikoaren bidez, dagoeneko garatuta edo egokituta dauden prozesuak produktiboagoak izan daitezen egiten dugun lan; produktu-bolumen handiagoa lortzen eta gure langileen ergonomia bermatzen saiatzen gara.
Eta zer hartzen duzue kontuan produktuetan berrikuntzak egiterako orduan?
Berrikuntza ez da beti gauza berriak sortzea, dagoeneko merkaturatzen ditugun produktuak hobetzea ere bada. Berrikuntza etengabe hobetzeko dugun jarreraren ondorio da: bai lehendik ditugun produktuetan, bai prozesuetan, bai errezetetan –aldaketa txikiren bat sartuz– edo, besterik gabe, itxuran. Ekoizpen gaitasunean ere bai. Kostuak murriztuz gaitasun hori hobetzea ere bilatzen dugu, osagaien kalitatean galdu gabe. Horretarako balio-kate osoa diseinatzen dugu, kalitatezko azken produktu bat prezio lehiakorrean lortzeko; joera berriak, konpetentzia edo gure produktuek merkatuan duten bilakaera ere aztertzen ditugu. Gure gozogintza izoztua, bere horretan, berrikuntza bat ere bada; izan ere, etxean tarta bat eduki dezakegu izozkailuan, edozein unetan desizoztu eta egin berria den tarta bailitzan jan, kalitatearik eta zaporerik galdu gabe.
Beraz, oreka bilatzen duzue produktuaren eta teknologiaren artean, ezta?
Hain zuzen, horregatik da hain garrantzitsua produktuaren zein prozesuen I+G lana lerrokatuta egotea. Askotan, produktuaren I+G ildo batetik doa, baina modu horretan ezin denez fabrikatu, prozesuak aldatzen joan behar dira. Berrikuntzak ahalegina, baliabideak, denbora eta, batez ere, iraunkortasuna eskatzen ditu.
Zenbat erreferentzia dituzue Casa Eceizan?
Produktu eta kanal anitzei begira egiten dugu lan, eta, beraz, produktu edo gama bera, formatu askotan aurki dezakegu. 150 erreferentzia aktibo baino gehiago izan ditzakegu, hiru multzotan sailkatuta: lehorrak (galletak, teilak eta zigarrotxoak, pastak, turroiak); izoztuak (izoztuta kontsumitzen ez diren tartak); eta izozkiak.
Eta hori guztia, alergenoekin ondo sailkatuta.
Ezin da bestela izan. Osasun-legeria oso zorrotza da elikagaien industriarekin, eta Casa Eceizan badugu berezko kalitate-sail bat legeria hori betetzeko. IFS ziurtagiria ere badugu, segurtasunari eta kalitateari buruzko nazioarteko araua, gure produktuen hornidura-katean gardentasuna eta lehiakortasuna ematen dituena.
Erreferentzia horien guztien artean, zeintzuk dira gehien eskatzen direnak?
Teilak eta zigarrotxoak klasiko bat dira. Gozogintzari dagokionez, izugarria da torrija karamelizatuaren eskaria, bai hemen, baita estatuan ere. Txokolatezko coulant-a ere asko saltzen da. Aurten, zehazki, gazta-tarta donostiarra merkaturatu dugu, eta arrakasta handia izan du.
Hainbeste produktu izatea arriskutsua edo aukera izan daiteke?
Une batzuetan ahulgune izan daitekeena, indargune ere bihur daiteke. Horixe gertatu zaigu pandemia-garai honetan; ostalaritza luzaroan itxita egon denez eta edukieren eta ordutegien ziurgabetasuna medio, kanal horretako ahalegin guztiak gelditu egin behar izan genituen. Gure baliabide guztiak denda tradizionalera eta elikadura-kanalera bideratu genituen. Jakina, produktu eta prozesu asko izateak talde eta egituretan inbertsioak egitera behartzen gaitu, baina bestela posible ez litzatekeen merkatu batzuetan presente egoteko aukera ere ematen digu.
Nola eragin du pandemiak?
Etapa ezberdinak egon dira; lehen etapa apur bat nahasia izan zen. Errealitateaz jabetzerakoan, egoerak hobera egin zuen. Hasieran produktibitatea galdu zen eta kostuak handitu ziren, protokoloak eta lan-espazio berriak ezarri behar izan genituelako. Baina, lehen esan dudan bezala, enpresa multikanala garenez, azkar moldatzeko aukera dugu, eta baliabideak elikadurara bideratu genituen. Iazko fakturazioak behera egin bazuen ere, hasieran aurreikusitakoa baino gutxiago jaitsi zen. Orain lan handia dugu eta hazten jarraitzen dugu: elikadura-kanalean oso ondo ari gara lanean, eta pixkanaka ostalaritzak gora egin du. Alde horretatik, harro nago Casa Eceizako talde osoaren inplikazioarekin eta ahaleginarekin.
Ekonomia Zirkularrari buruzko proiektuarekin asko ari gara ikasten. Lan ildo batzuk identifikatu ditugu, eta ezarpena ari gara aztertzen. Adibidez, autokontsumorako energia-ekoizpena, edo enbalaje jasangarriagoen erabilera.
Arantxa Okiñena, Casa Eceiza
Hitz egin dezagun online salmentaz. Pandemia mugarria izan al da?
Badugu zer hobetua. Urteak daramatzagu online salmentarekin, eta konfinamenduan zerbait gehiago saldu dugun arren, analisia pandemiarekiko independentea da. Casa Eceiza marka ezaguna eta balioetsia da Euskal Herrian, eta gure bezero gehienek etxetik 200 metrora aurkitzen dituzte gure produktuak, hurbilen duten dendan; beraz, ez dago online erosteko hainbeste beharrik. Gainera, lehorreko linea bakarrik saltzen dugu, garraioa ez baitago prestatuta izoztutako produktuak etxean entregatzeko.
Antzeman duzue beste aldaketarik kontsumo-ohituretan?
Bai, baina ikusi beharko da, hilabeteak igaro ahala eta normaltasunera hurbildu ahala, joerak diren edo geratzeko etorri diren aldaketak diren. Ikusi duguna da orain ez dela egun berezien edo ospakizunen aitzakiarik behar gure produktuez gozatzeko. Etxean une horiek identifikatzen eta baloratzen ikasi dugu, ospakizun berezirik egon gabe.
Aipatu duzu zuen produktuak gertu daudela Euskal Herrian, baina ohikoa da estatu osoan ere Casa Eceizako produktuak ikustea.
Bai, merkataritzan eta komunikazioan lan handia egin ondoren, gure produktuen ezarpen oso ona dugu Euskal Herrian. Sare propioko talde bat dugu, duela 26 urte sortu zena; egunerok ibilbideak egiten dira, Kantabriako edo Errioxako eremu batzuetara ere zabalduz. Lan hori etengabea izan da. Estatu mailan, urrats garrantzitsuak ematen ari gara eta gero eta presentzia handiagoa dugu banaketa handian, eta Horeca kanalerako banatzaileak ditugu komunitate guztietan.
Hainbeste lekutan presente egonda, zenbateko garrantzia du marketin-lanak markaren aintzatespena lortzeko?
Kostu handia du eta normalean prozesu motela da. Marketinean inbertitzea epe ertain edo luzeko emaitzak ikustea da. Komunikazioa hainbat eremutatik lantzen dugu: publizitatea hedabide tradizionaletan, webguneetan, sare sozialetan, packagingetan, salmenta-puntuetan. Nolanahi ere, orain, produktuari ez ezik, proiektuari ere ikusgarritasuna eman nahi diogu, hurbileko eta benetako ikuspegi batetik. Gure asmoa da Euskadiko sare propioaren bidez lortu duguna beste plaza batzuetan erreplikatzea: postrearen erreferenteak izatea, alegia.
2019an proiektu pilotu bat garatu zenuten Tolosaldea Garatzenekin batera, laneko esperientzia hobetzeko. Nolakoa da Casa Eceiza barrutik?
Oso dinamika interesgarria izan zen. Batzuetan, zuzendaritza-taldeak ziurtzat jotzen ditu gauza asko, eta benetan ez dira transmititu nahiko lirakeen bezala. Hainbat lan-saio egin genituen enpresako sail, adin eta antzinatasun ezberdinetako langile taldeekin, haien esperientzia nolakoa zen ikusteko, barne-komunikazioan eta taldeen garapenean hobetu genezan. Dinamika horrekin jarraitu nahi dugu aldizka, ezagutza taldeetan baitago, eta entzun egin behar da, eta haiengandik eta haiekin ikasi. Urteak daramatzagu, halaber, Adegiren enpresa-kultura berrian trebatzen. Kudeaketa partekatuko eredu bat ezartzen ari gara, gardentasunez, konfiantzaz eta inplikazioz lan eginez eta talde guztiei balioa emanez.
Oraindik ere, zuzendaritza-postuetan gutxiengoa dira emakumeak. Ez da Casa Eceizaren kasua. Nolakoa da zuen egoera?
Casa Eceizan lidergo inklusiboaren aldeko apustua egin da beti; une honetan 90 langile inguru gaude, eta %60 emakumeak gara. Zehazki, lantegian, emakumeek gidatzen dituzte ekoizpen-lerro guztiak, eta, gainera, urte asko daramatzate enpresan. Erantzukizun horiek enpresaren hazkundearekin batera hartu dituzte beren gain. Familia bateragarri egitea ere bultzatu dugu, ordutegi-malgutasunaren, telelanaren, txanda-aldaketen eta abarren bidez.
Etorkizunaz hitz eginez amai dezagunu. Gaur egun, Tolosaldea Garatzenekin batera, Ekonomia Zirkularrari buruzko beste proiektu batean murgilduta zaudete. Zer bilatzen duzue?
Asko ikasten ari gara proiektu honekin. Lehen diagnosi batean, dagoeneko lantzen has gaitezkeen hainbat arlo identifikatu ditugu, hala nola, autokontsumorako energia-ekoizpena. Bilgarri eta enbalaje aukera jasangarriagoak ere bilatzen ari gara, plastikoaren erabilera murrizteko, baina elikagaiak kontserbatzea ez da erraza. Sortzen ditugun hondakinak gutxitzeko edo beste erabilera bat emateko aukerak ere aztertzen ari gara. Badakigu prozesu motela dela, baina aurrera egitea da kontua. Agour taldeko kide garenez, badugu abantailarik, Iparraldean urteak daramatzate-eta arlo horietan lanean, dagoeneko abian diren hainbat proiekturekin. Erakunde gisa, gure aletxoa ematera behartuta gaude, gizarte justuago eta ingurune jasangarriago bat lortzen laguntzeko.