/ Aktualitatea / Turismo / Bisitariei Tolosaldeko produktu gastronomikoak ezagutzera emateko zerbitzu berria izango da Tolosan
Tolosa, 2025eko otsailaren 6a
Gastronomia da, turismoaren ikuspegitik, Tolosaldearen indargune nagusienetako bat. Bada, eskualdean, eta Tolosaldea Garatzeneko Turismo Sailak koordinatuta, sektoreko 40 enpresa baino gehiagok egiten dute lan, sarean, hori sustatzeko.
Paraleloan, garapen agentziak eta eskualdeko udalek Turismo Jasangarriaren Plana jarri zuten martxan 2023an, Europako Next Generation funtsen finatziazioari esker eta Euskadiko Helmugako turismo-jasangarritasuneko lurralde-planarekin lerrokatuta. Planak eskualdearen garapen turistiko egoki baterako proiektu ugari jasotzen ditu. Lehiakortasunarena da planak jasotzen dituen lan-lerroetako bat, eta horrekin lotuta, besteak beste, bertako produktuak balioetsi eta esperientzia gastronomiko berriak sortzeko helburua finkatu zen.
Lanketa horren fruituak eman dituzte ezagutzera, gaur, Tolosan: Jo! Topagunea, eskualdeko produktuak ezagutzera emango dituen harrera puntua eta sustapen kanpaina berria. Bertan izan dira, Clara Navas, Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Ostalaritza Zuzendaria; Azahara Dominguez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo diputatua; Andu Martinez de Rituerto, Tolosako alkate eta Tolosaldea Garatzeneko lehendakaria; Alaitz Labaien, Tolosaldea Garatzeneko lehendakariordea; Olatz Ilarregi, garapen agentziako Turismo Saileko arduraduna, eta Iñaki Lopetegi, Jo! Topaguneko ordezkaria, besteak beste.
Topagune eta dastaleku
Eskualdera bisitan datozenei bertan ekoiztutako produktuak dastatzeko eta erosteko aukera emango dizkien gunea da Jo! Topagunea. Hain zuzen, herrian bisitarientzat eskaintzen diren bisita gidatuen bukaeran bertako produktuen dastaketak eskainiko ditu, baita salgai jarri ere. Tolosako babarrunak, Ibarrako piparrak eta eskualdean bertan ekoiztutako gazta, sagardo eta txakolina… Horretarako, Tolosako Alde Zaharrean, Kale Nagusiko 20.ean zehazki, hutsik zegoen lokal bat atondu dute.
Tolosaldea Garatzenen eta Tolosako Udalaren arteko hitzarmenetik sortu da zerbitzu berria. Horrela, Tolosaldeko turismo bulegotik eskaintzen diren bisita gidatuen eskaintza osatzea da helburua. Orotara 153 bisita gidatu eskainiko ditu urte t’erdiko epean, 2025 osoan zehar eta 2026ko martxora arte, orduan amaitzen baita zerbitzu-kontratuaren esleipena.
Esperientzia gastronomiko berria Tolosan
Jo! Topaguneak bertako produktuen dastaketa barne hartzen duten bisita gidatuak eskainiko ditu datorren urteko martxora arte, hiru guztira. Tolosaldeko Turismo bulegoan egin beharko dira erreserbak eta ordainketak. Hauxe da eskaintza:
Sustapen kanpaina berria: ‘Tolosaldea: Ongi etorri eta on egin’
Turismo gastronomikoaren aldeko apustua indartzeko, sustapen kanpaina berria ere landu dute Tolosaldea Garatzeneko Turismo Sailak eta turismo gastronomikoaren klubeko kideek, Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuaren laguntzarekin.
Eskualdeak duen eskaintza oparoa azaldu ez ezik, sare publiko-pribatu horrek partekatzen dituen balio eta oinarriak zabaltzea, balio horiekin bat egiten duten bisitariak erakartzea eta turismo jasangarri bat garatzea dira kanpainaren helburuak.
“Tolosaldea. Ongi etorri eta on egin!” kanpainak, bertako ekoizle, pintxo taberna, denda, sagardogile, erretegi eta jatetxeek eskualdeari egiten dioten eta hain begi bistakoa ez den ekarpena nabarmentzen du: tradizioa, berrikuntza, lurra, transmisioa, paisaia, harremanak, zaporeak, kontakizunak, sormena, sustraiak, aniztasuna, inklusioa eta azken finean, zaintza.
Iñaki Lopetegi
JO Topagunea
“JO Topagunea Tolosaldean hutsune bat betetzera datorren espazio bat da, bertako produktuak eta bisitariak elkartzeko asmoz. Babarrunari eta piparrari merezi duten balioa emateko, baina baita inguruko ekoizleek sortzen dituzten produktu eta kutixiak nabarmentzeko: eztia, gazta, txokolatea, sagardoa, txakolina… Gurean produktuak dastatu, ezagutu eta erosteko aukera izango dute.
Baina ez gara bakarrik bisitarientzat topagune bihurtu nahi, gure jendeak gure produktuak hobeto ezagutzeko aukera ere bada JO Topagunea. Asmo horrekin, datozen hilabeteetan tailerrak ere jarriko dira martxan eta lehena babarrunaren inguruan izango da, Roberto Ruiz (HIKA) sukaldariaren eskutik. Laster emango ditugu honen inguruan argibide gehiago.”
Azahara Domínguez Urtizberea
Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Diputatua
“Ekimen honi esker, bisitariek gure produktu enblematikoenez gozatzeaz gain, produktu horiek egitearen atzean dagoen lan guztia ulertuko dute. Hori guztia, gainera, turismo-fluxuak desestazionalizatzen eta deslokalizatzen laguntzen du, eta hori funtsezkoa da gure turismo-estrategiaren barruan. Gainera, Turismoaren Plan Estrategiko berria lantzen ari gara, turismoa jasangarria izateaz gain birsortzailea izateko gure lurraldean arrasto positiboa utziko duen eredu turistiko bat ezartzeko helburuarekin. Eta Tolosan ezin hobeto ulertu duzue bilatzen dugunaren espiritua”.
Clara Navas Romano
Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Ostalaritza zuzendaria
“Ideia honen sendotzea, duela ia 15 urte sortu zen proiektua, non Euskadiren balio handienetako bi uztartzen diren, turismoa eta tokiko gastronomia, Helmugako Jasangarritasun Plan baten azken bultzadaren bidez, turismoko politika publikoekin bilatzen dugunaren adibide bikaina da.”