/ Aktualitatea / Ayuntamientos / 2021-2022 ikasturteko Bizilabe Tolosaldea zientzia-jardueren izen-emate epea ireki da
Tolosaldea Garatzenek Elhuyarrekin batera sustatutako Bizilabe Tolosaldea aisialdi-eskaintzaren datorren ikasturteko edizioan izena emateko epea ireki da. Bigarren urtez, herriko gazteen artean zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa eta motibazioa, ekintzailetasuna eta sormena bultzatuko dira.
2021eko urritik aurrera, 10-14 urte bitarteko gazteek tailerretan parte hartu eta proiektuak egin ahal izango dituzte, Amasa-Villabonan (Gaztegunean) eta Tolosan (Tolosaldeko Lankide Heziketa Institutuan).
Ikasturtean zehar, alor desberdinetako zientzia- eta teknologia-esperimentuak egingo dituzte eta, talde lanean proiektuak garatuko dituzte, ikertzaile profesionalen gidaritzarekin.
EZAGUTU BIZILABEN EGITEN DEN LANABizipenak eta komunitatea
Bizilabe Tolosaldea egitasmoan, tokian tokiko ikastetxe, herriko eragile, ikerketa-zentro edota enpresekin dihardugu lanean. Izan ere, STEM (Zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikak) bultzatzea, eskualdeko apustua da.
Bide horretan, Bizilabe Tolosaldeako gazteek eskualdeko ikerketa-zentroak eta enpresak bisitatuko dituzte eta ikertzaileekin harremanetan izango dira. Horrez gain, hainbat zientzia-jarduera antolatuko dira herriko eragileekin elkarlanean. Horren erakusle, ikasturte honetan arrakasta handiz ospatu den Nazioarteko Neska eta Emakume Zientzialarien Eguna, herrietan egin diren zientzia-bizipenak edo eskualdeko irakasleekin egin diren trebakuntza-saioak.
Izen-emateak zabalik
Ikasturte berrian izena emateko lehenengo txanda ekainaren 8tik 20ra egongo da zabalik. Webgune bidez egingo da. Ekainaren 20tik aurrera, berriz, libre geratu diren plaza horietan izena emateko aukera zabalik utziko da.
Programa abenduaren bukaerara arte dago bermatuta momentuz, eta parte-hartzaile kopuruaren arabera jarraituko du urtarriletik 2022ko ekainera bitartean.
IZENA EMAN