/ Aktualitatea / Proyectos estratégicos / ZTIAM / BiziLabe Tolosaldea egungo egoerara egokituko da, online saioak eskainiz
Covid-19aren pandemia geldiarazteko hartu diren segurtasun neurriak direla eta, azarotik aurrera, Elhuyarrek eta Tolosaldea Garatzen garapen agentziak antolatutako BiziLabe aisialdi jarduera online eskainiko da. Hala, Tolosaldeko 10-14 urte bitarteko gazteek zientzia eta teknologia jarduerak euren etxeetan egingo dituzte.
Horretarako, gazteak Elhuyarrek prestatu duen online plataformaz baliatuko dira. Horrekin batera, hainbat materialez osatutako “kit” bat izango dute eta zientzia hezkuntzan espezializatutako gidariarekin eta gainerako ikaskideekin batera hainbat erronka burutuko dituzte zuzeneko saioetan. Bizilabe online plataforman, zuzeneko saioez gain, bideoak, argitalpenak, zientzia eta teknologia erronken dokumentu idatziak edota esteka interesgarriak topatuko dituzte, besteak beste.
Elhuyarrek 2011tik landutako metodologiatik abiatuta 10-17 urte bitarteko gazteek STEAM edukietan sakontzen dute Bizilabe egoitzetan. STEAM siglek (Science, Technology, Engineering, Art and Mathematics) zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematika biltzen dituzte.
Tolosaldean BiziLabe eskaintzen den lehen urtea da 2020-2021 eta Tolosan eta Villabonan zentro bana egokitu da. Astean bitan bertaratzekoak ziren gazteak zientzia eta teknologia jarduerak egitera. Aurrerantzean, ordea, telematikoki jardungo dira.
Euskal Herriko gazteentzako ikerketa-sarea izatea du helburu BiziLabek, eta, bide horretan, 2020-2021ean ikasturtean zehar, Tolosaldea Garatzen garapen-agentziak, Elgoibarko Udalak eta Bilboko Udalak, Elhuyarrekin elkarlanean, euren herri eta auzoetan eskainiko dute Bizilabe (https://bizilabe.elhuyar.eus/eu).
Orain arteko ibilbidean, 2.400 gazte inguruk parte hartu dute Bizilabek eskaintzen dituen formatu desberdinetan, % 49 neska eta % 51 mutil, eta hasi berri den ikasturtean 76 gazte arituko dira online egingo den “Izan ikertzaile eta asmatzaile” programan, 31 neska eta 45 mutil.
Bestalde, egoerak ahalbidetzen duenean, online-tik presentzialerako saltoa egingo da berriro, eta Bizilabe Tolosaldeako egoitzetan ez ezik, eskualdeko herrietan ere, zientzia- eta teknologia-jarduerak antolatuko dira, Bizilabe komunitateak handitu eta sarea sendotzeko asmoz, gazteek zientziarekin eta teknologiarekin orotariko bizipen positiboak izan ditzaten, eta inguruko profesionalak eta profesioak ezagutzeko helburuarekin.
Oraindik ere, hasi berria den 2020-2021 ikasturtean izena emateko aukera dago: