/ Aktualitatea / Emprendimiento / 16 ekintzailek 1.000 eurotik gorako diru-laguntza jasotzeko aukera izango dute Tolosaldean
Tolosaldeko ekintzaileei zuzendutako diru-laguntza bat jarriko dute eskura Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Tolosaldea Garatzenek, enpresa berrien balizko sorrerak aztertzeko edo enpresa proiektu berriak martxan jartzeko helburuarekin.
16 ekintzaileren proiektuak lagunduko dira diruz, bi multzotan banatuta. Horietako 10 laguntza Enpresa Plan bat sortzera bideratutakoak izango dira; hau da, enpresa bat sortzeko ideia duten ekintzaileek bideragarritasun azterketa bat egin beharko dute. Horrek ez du esan nahi gero enpresa hori sortu behar denik.
Beste sei diru-laguntzak, dagoeneko bideragarritasun azterketa egina izan eta enpresa martxan jartzera doazenentzat izango dira.
Enpresa Plana egiteko diru-laguntzak
Bi hartzaile mota ditu: 30 urtez azpiko ekintzaileentzat sei laguntza daude, eta beste lau, adin horretatik gorakoentzat:
Emak. < 30 | Gizon. < 30 | Emak. >30 | Gizon. >30 | |
Laguntza kopurua | 3 | 3 | 2 | 2 |
Diru-laguntza | 1.300 € | 1.150 € | 1.150 € | 1.000 € |
Onuradunek honako baldintzak bete behar dituzte: langabezian egotea, Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea, Tolosaldea Garatzenen aholkularitza jasotzea, helburu bererako beste diru-laguntzarik ez jasotzea, ekonomia jardueren gaineko zergan eta langile autonomoen araubide berezian iaztik alta eman ez izana eta bideragarritasun azterketa egiteko 2 hilabeteko dedikazioa eskaintzea.
Enpresa martxan jartzeko diru-laguntzak
Beren enpresa martxan jartzera doazen ekintzaileei bideratutakoak izango dira gainerako 6 diru-laguntzak. Laguntza jaso ahal izateko, ordea, ezinbestekoa izango da bideragarritasun plana eginda izatea eta gehienez hiru hilabeteko epean autonomoetan alta ematea. Hau da, enpresa epe horretan jarri beharko da martxan. Laguntzaren banaketa hauxe da:
Emak. < 30 | Gizon. < 30 | Emak. >30 | Gizon. >30 | |
Laguntza kopurua | 1 | 1 | 2 | 2 |
Diru-laguntza | 1.950 € | 1.725 € | 1.725 € | 1.500 € |
Eskaerak azaroaren 7a arte
Eskaerak egiteko epea 2023ko azaroaren 7an amaituko da. Tolosaldea Garatzeneko Ekintzailetza sailarekin jarri beharko da harremanetan, Lehiberri Zentrora bertaratuta, 943 654501 telefono zenbakira deituta edota zubeldia@tolosaldea.eus helbidera idatzita.