/ Aktualitatea / Proiektu estrategikoak / ZTIAM / I Elhuyar Zientzia Azoka Steam Gipuzkoa ospatu da Tolosan
Elhuyarrek eta Kutxa Fundazioak antolatuta, Gipuzkoako 10 ikastetxetako 100 gaztek ikasturtean zehar landutako 23 proiektu ikusgai izan dira Tolosako Alondegia plazan. Besteak beste, Tolosaldea Lanbide Heziketako Institutoan kokatuta dagoen Tolosaldeko ZTIAM Eskolako partaideek hartu dute parte eta Asteasuko Algaloop enpresak ezagutzera eman ditu bere ikerketa eta berrikuntzaren adierazgarriak.
Goizean, I. Elhuyar Zientzia Azoka Steam Gipuzkoa egin dute Tolosako Alondegia plazan. Elhuyarrek eta Kutxa Fundazioak antolatu dute ekimena, Eusko Jaurlaritzaren, Tolosako Udalaren eta Tolosaldea Garatzen garapen agentziaren laguntzarekin. 10:30ean ireki dute azoka zinta mozteko ekitaldiarekin. Gazteak arduratu dira zinta mozteaz, eta eurekin batera izan dira Ander Aizpuru Kutxa Fundazioko zuzendaria, Garazi Andonegi Elhuyarreko Zientzia Saileko arduraduna, Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzako sailburua, Olatz Peon Tolosako alkatea, eta Iker Urruzola Tolosaldea Garatzeneko lehendakaria. Irekiera-ekitaldia ordezkari guztiak azokatik egin duten ibilaldiarekin osatu da.
Gipuzkoako ikastetxeetako gazteek ikasturtean egindako proiektuak erakusteko aukera izan dute azokara gerturatu direnek. 12-18 urte bitarteko gazteek ikasturtean egindako 23 proiektu erakutsi dituzte. Guztira, 100 gazte izan dira, 65 neska eta 35 mutil. Gazteak Gipuzkoako 10 ikastetxe hauetatik bertaratu dira: Alegiako Aralar BHI, Amasa-Villabonako Erniobea BHI, Beasaingo La Salle, Hondarribiko Talaia BHI, Lasarte-Oriako Oriarte BHI eta Tolosako Herrikide ikastetxea, Orixe BHI, Tolosaldea LHII eta eskolaz kanpoko Tolosaldeko ZTIAM eskola. Ikastetxeetako lanekin batera, Asteasuko Algaloop enpresaren ikerketa eta berrikuntzaren adierazgarriak ezagutzeko aukera izan da azokan.
Aurten lehenengo aldiz Gipuzkoan egin den azoka hau gazteek garatutako proiektuen erakusketa bat da. «Ikerketa zientifikoa eta garapen teknologikoa barrutik bizitzeko aukera ematen die gazteei, eta Gipuzkoako DBH-ko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako gazteek hartzen dute parte. Azokaren helburu nagusia da zientzia, teknologia, ingeniaritza, arteak eta matematika (STEAM, ingelesez) herritarrei gerturatzea, gazteen artean STEAM konpetentziak eta zeharkako konpetentziak garatzea (komunikazioa, sormena, berrikuntza, talde-lana…) eta gazteei bizipen zientifikoak eskaintzea», azaldu dute antolatzaileek.
Argazkiak: Diario Vasco, TLHI eta Ataria