/ Aktualitatea / Enplegua garatzen / Asteazkenean abiatuko da Enplegunean parte hartzeko epea lan eskatzaileentzat
Bueltan da Enplegunea. Tolosaldeko Lan Merkatuaren Topaketaren zazpigarren edizioa abenduaren 3an ospatuko da, Lehiberri Zentroan.
Bi oinarri izan ohi ditu Enpleguneak: batetik, kontratazioak sustatzeko eskualdeko enpresei Lanbideren bitartez ematen zaizkien diru-laguntzak; eta enpresen eta lan eskatzaileen aurrez aurreko elkarrizketak, bestetik.
Aurten, Lanbidek ia 400.000 euro bideratu ditu eskualdera, eta gehienera ere 63 kontrataziok jasoko dute diru-laguntza. Bada orain arteko edizioekin alderatuta aldaketa bat: aurten, lehen aldiz, urte osoan zehar egindako kontratazioak ere lagunduko dira diruz, nahiz eta baremazioan kontratazio berriak lehenetsi diren, lanpostu berrien sorrera sustatzeko.
Lan-eskaintza berrien zerrenda osoa azaroaren 24an, argitaratuko da Tolosaldea Garatzenen web orrian, eta hortik aurrera, lan bila dabiltzan Tolosaldeko biztanleek izena emateko aukera izango dute. Enpresa bakoitzak bilatzen duen profilera hobekien egokitzen diren hautagaiak aukeratu eta elkarrizketatzeko aukera izango du, abenduaren 3an Lehiberri Zentroan.
Enpresentzat lan-eskaintzak argitaratzeko edo diru-laguntza eskaerak egiteko epea gaur bertan amaitzen bada ere, kreditua agortu bitarte egiten diren eskaerak ere onartuko dira.
ENPLEGUNEAREN INFORMAZIO GUZTIA