/ Aktualitatea / Enplegua garatzen / Enpleguneko lan-eskaintzetan izena emateko epea zabaldu da
Hamar urte bete dira Tolosaldeko udal guztien apustu bateratuari esker eskualde mailako Enplegu Plana osatu zenetik. Plan horren ondorio da Enplegunea.
Kalitatezko lanpostu berriak sortzeko ezinbesteko hitzordu bihurtu da Enplegunea hamarkada honetan. Lanbideren bidez 1.900.000 euro bideratu dira eskualdeko enpresetara kontratazioak sustatzeko. Diru-laguntza horiei esker, 359 kontratazio egin dira, eta beste horrenbeste kudeatu dira, Enplegunearen testuinguruan.
Bederatzigarren edizioa izango du aurten Enpleguneak. Azaroaren 8an ospatuko da Lehiberri Zentroan, eta aurtengoan, kontratu mugagabeko 33 kontratazio lagunduko ditu diruz.
“Enpleguneko aurreko edizioetan baino lan-eskaintza gutxiago lagunduko dira diruz, baina kontratazioek mugagabeak izango dute, eta hori garrantzitsua izango da kalitatezko lanpostuak sortzeko eta enplegua egonkortzeko”, azaldu du Iker Urruzola Aizpuruak, Zizurkilgo alkate eta Tolosaldea Garatzeneko lehendakariak.
Orotariko lanpostuetarako eskaintzak jaso dira aurten: mantenurako, ibilgailuen konponketarako, industriarako, elikadura sektorerako, administrazio lanetarako, ehungintzarako, zaintza lanetarako, edota zerbitzuetarako, besteak beste. Zerrenda eguneratu osoa Tolosaldea Garatzenen web orrian dago ikusgai.
LAN-ESKAINTZAK ETA INFORMAZIO OSAGARRIALan-eskaintzaren batera izena eman nahi duten herritarrek dagoneko aukera dute horretarako. Tolosaldea Garatzenen webgunean egin dezakete eskaera, baita 943 654 501 telefono zenbakira deituta, edo lan3@tolosaldea.eus helbidera idatzita.
Enpresek beraien eskakizunetara hobekien egokitzen diren pertsonak aukeratuko dituzte, eta horiek aurrez aurreko lan-elkarrizketa egingo dute azaroaren 8an, Lehiberri Zentroan bertan. Kontratazioa egiteko abenduaren 31ra bitarteko epea izango dute enpresek, eta ezinbestean, kontratatutakoek Lanbiden altan emanda egon beharko dute kontratazioa egiten den unean.
Enplegunearen aitzakian egiten diren kontratuek eskualdeko enplegu datuetan ere izan dute eragina. Azken urteotan, hobera egin eta asko errekuperatu da enplegua, eta aurten mundu mailan egoera nahasten ari bada ere, Tolosaldean oraingoz hobekuntza-joera hori egonkortzeko jarrera adierazten ari da.
Lanbidek emandako emandako iraileko datuen arabera, langabezia tasak beherantz jarraitzen du Tolosaldean: %7,9an dago, Gipuzkoako (%8,3) eta EAEko (%10,4) datuen azpitik mantenduz. Une honetan 1.885 langabe daude eskualdean, iaz garai honetan zeudenak baino 49 gutxiago.
Lan-kontratuek eta afiliazioek ere gora egin dute. Lan-kontratuei dagokienean dinamismo handia sumatzen da. 1.590 kontratu egin dira, iaz baino %23 gehiago. Kontratu horien artean, igoera nabarmena izan dute kontratu mugagabeek. Zifra osoaren %28an kokatu dira mugagabeak, iazkoarekin alderatuta %17 gehiago. 17.463 afiliatu daude une honetan, gehienak erregimen orokorrean.
DESKARGATU DATU GUZTIEN TXOSTENATxanponaren beste aldean, ordea, urteroko erronkak mantentzen dira: emakumeen eta 45 urtetik gorakoen laneratzea eta langabezian kronifikatutako kolektiboak dinamizatzea. Olatz Peon Ormazabal, Tolosako alkate eta Tolosaldea Garatzeneko lehendakariordearen esanetan, “urteak daramatzagu kolektibo horiei begirako lanketa bereziak egiten; eta ahaleginei eutsiko diegu, egoera iraultzeko. Horretarako lehen urratsa enplegua egonkortzea da”.