/ Aktualitatea / Ayuntamientos / Sostenibilidad / Gabonak modu jasangarrian bizitzeko lanean, bost urteko haurrekin
Eskola Agenda 2030 proiektuaren bitartez mundu mailan 2030 urterako jarritako helburuetara begira jartzen gara. Helburu hauen bidez pobreziarekin amaitu, planeta babestu eta pertsona guztien bakea eta oparotasuna bermatzea bilatzen da.
Gabonetako giroan asko dira iraunkortasunetik urruntzen gaituzten ohiturak. Hori dela eta, egun hauek jasangarritasuna bultzatu eta zentzuz jokatzeko hausnarketa egiteko garai aproposa dira.
Gabonetan, ezagutza eta sentsibilizazioa erabiltzen ditugu ikasleengan gure kontsumo ohituraz hausnartzeko, ekonomia zirkularraren oinarriak sustatuz. Horretarako bi ekimen desberdin prestatu dira: gabonak eta kontsumoa eta apaingarri jasangarriak
Abenduan, Gabonetako oporrak hartu baino lehen, TIZeko hezitzaileek lagunduta burutu da ekimen hau. Tolosaldeako 11 ikastetxeetako 380 ikasle baino gehiagok, arduraz jokatzearen garrantzia landu dute.
Bizitzen ari garen egoerak agerian utzi du, gure gizartean, etorkizunean izango dugun erronka handienetako bat gure natura-ondarea babestea eta hobetzea izango dela. Gabonetako ekimen hau 5 urteko ikasleei zuzenduta dagoenez eta hauek baso-eskola proiektua lantzen dutela aprobetxatuz, aurtengo proposamena honen inguruan izan da.
Gero eta gehiago gara azken hilabeteetan naturara hurbildu garenak eta konturatzen hasi gara naturarekin kontaktua zer garrantzitsua den egoera honetatik ateratzen laguntzeko. Ikuspuntu honetatik abiatuta naturak ematen dizkigun onurak aztertu ditugu. Naturak gauza asko ematen dizkigu gizakiari eta horren trukean, gure ardura, bera ondo zaintzea eta errespetuz tratatzea da.
Tailer ludiko-praktiko baten bidez, 5 urteko neska-mutilek, gure ekintzek eta bizi garen inguruneak nola eragin diezaiokeen gure osasunari eta planetaren zaintzari landu dute. Ondoren, eskulan baten bitartez apaingarri bat egin dute eta askotan zakarrontzietan bukatzen duten elementuak erabilita gauza berriak sortu daitezkeela konturatu dira.
Kontzientziazioa eskolan bakarrik geratu ez dadin, gure hezkuntza-programak familia-ingurunea ere inplikatzea bilatzen du.
Bestaldetik herriko ikastetxeei, eskola apaintzeko proposamena luzatu zaie “Apaingarri Jasangarriak” ekimenaren bitartez. Beti ere, berrerabilitako materialez egindako apaingarriak erabiliz. Apaingarri hauek ez dira “argitsuak” izango baina distira berezia dute. Izan ere, jende askoren inplikazioa baitago apaingarri hauen atzean.
Tolosaldea Garatzenetik herritarrak keinu jasangarriak egitera animatu nahi ditugu; apaingarriekin, opariekin zein otorduekin ere aukera jasangarriagoak aukeratuz.