/ Aktualitatea / Diversidad / Lau ekitaldi, Giza Eskubideen eta Pertsona Migratzaileen Nazioarteko Egunen harira
Abenduaren 10a Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna da, eta hilaren 18a, berriz, Pertsona Migratzaileena. Bi egun horien aitzakian, atzerritik iritsitako herritarren inguruan zabaltzen diren estereotipo eta zurrumurruak ekiditeko lau kultur ekitaldi antolatu ditu Tolosaldea Garatzeneko Aniztasun Sailak, udalen laguntzarekin.
Abenduaren 9tik 24ra, Ongi Etorri Errefuxiatuak erakusketa izango da ikusgai Zizurkilgo Udal Liburutegian. Gerren eta bestelako gatazken ondorioz mundu osoan sortu diren exodoei buruzko hausnarketa planteatzen du erakusketak, horretarako adibide hainbat, zifra ugari eta arrazoi nahiz ondorio aipagarriak bilduz.
Tolosak aldaketa klimatikoak eragindako migrazioetan jarriko du azpimarra. Hilaren 17an Miguel Pajares biologo, antropologian doktore eta idazleak ‘Migrazioak eta aldaketa klimatikoa’ hitzaldia eskainiko du. Asistentzia konfirmatu egin beharko da, 646 05 70 80 telefonora WhatsApp bat idatziz, aforoa neurtzeko.
Eskualdean ‘Aita Mari’ dokumentala lehen aldiz ikusteko aukera ere izango da. Mediterraneoko uretako migratzaileak erreskatatzen dabilen itsas salbamenduko boluntarioen ontziaren bizipenak biltzen ditu ikus-entzunezkoak. Abenduaren 19an Anoetako Mikelasagasti Auditorioan proiektatuko da lana.
Amaitzeko, Adunako plazan, ‘Liburu bat, Mundu bat’ haurrentzako ipuin kontaketa izango da abenduaren 30ean, Mestiza elkarteak antolatuta. Musika, artea eta mahai jolasak ere erabiltzen dira kontaketan zehar, haurren parte-hartze aktiboa sustatzeko.
Erakusketa: Ongi etorri errefuxiatuak
Abenduaren 9tik 24ra
Zizurkil, Udal liburutegia
10:00-13:00 16:00-19:00
Hitzaldia: Migrazioak eta aldaketa klimatikoa
Miguel Pajaresen eskutik
Abenduak 17
Tolosa, Kultur Etxea
18:00
Dokumentala: Aita Mari
Abenduak 19
Anoeta, Mikelasagasti Auditorioa
18:00
Ipuin kontaketa: Liburu bat, Mundu bat
Mestiza elkartearen eskutik
Abenduak 30
Aduna, Elordi
11:30