/ Aktualitatea / Enplegua garatzen / Doako formazioa eta praktikak enpresetan, 20 eta 44 urte bitarteko gazteentzat
Prestakuntza duten 20 eta 44 urte arteko gazteak lan-merkatuan sartzeko programa da Hazilan. Horretarako, hiru esparrutan egiten da lan: oinarrizko konpetentzia sozioprofesionalen formazioan, enplegu bilaketarako eta lan-aktibaziorako prestakuntzan, eta lan esperientzia errealean.
Askotarikoak izan daitezke gazte horien profilak: lanik gabe daudenak, beren ikasketekin bat datorren lanpostu baten bila dabiltzanak, edo lanean egonda, beren baldintzak hobetu nahi dituztenak. Guztiek goi-mailako ikasketak edo ikasketa horiek homologatze bidean izan beharko dituzte parte hartu ahal izateko.
2021eko lehen taldea osatzen ari da orain Enplegu Saila, eta lan@tolosaldea.eus helbidera idatzita edo tolosaldeagaratzen.eus web orriko Hazilanen gunean datuak beteta eman ahal izango da izena. Doakoa da.
Martxoaren 15ean hasiko da lanean taldea, eta bi fasetan banatuko da prestakuntza.
Lehen fasean, AKTIBATU izenekoan, formazioa jasoko dute, apirilaren 15era bitarte, Lehiberri Zentroan (Astelehenetik ostiralera, 09:00-14:00). 50 orduko prestakuntza teoriko-praktikoan, konpetentzia pertsonal eta emozionalak (autonomia, motibazioa, erantzukizuna, espektatiben kudeaketa…) lanbide-konpetentziak (komunikazioa, gatazken kudeaketa, erabakiak hartzea, plangintza…) eta lan merkatuan kokatzeko konpetentziak (automarketina, ekintza plana, elkarrizketetarako prestakuntza…) jorratuko dituzte. Horrez gain, taldeka ere jardungo dute enpleguaz beste 30 orduz, coach batek gidatuta. Lehen fasea amaitzeko, bost orduko jarraipen pertsonala egingo zaio bakoitzari.
Hilabete iraungo duen lehen fasea amaituta, bigarrenari ekingo zaio. KOKATU fasean, praktikak egingo dituzte, Tolosaldeko enpresa batean, norberaren profilera egokitutako lanpostuetan, lan esperientzia hartzeko eta lan aukerak sustatzeko.