/ Aktualitatea / Turismo / Hernioren aisialdirako aukerak balioan jarriz
Hernio mendikatea leku enblematikoa da gipuzkoarrontzat eta, oro har, Gipuzkoarentzat. Kontserbazio eta Babes Bereziko Eremua da, balio natural handia duelako. Eta horri lotuta, Gipuzkoa erdian kokatuta egonik, aisialdi eta turismorako potentzial handia du, hainbat arrazoirengatik: euskal tradizioak bizirik mantentzen diren tokia da: iraileko erromeriak, mendizaletasuna, artzaintza, erlijio usadioak…
Erakargarritasun hori balioan jartzeko, eta aisialdirako eskaintzen dituen aukera anitzak ezagutzera emateko xedearekin, bideo bat osatu dute, elkarlanean, Tolosaldea Garatzen, Iraurgi Berritzen eta Urola Kostako Udal Elkarteko garapen agentziek.
Bi premisa izan dira kontuan euskarri hau sortzerako garaian: alde batetik, fluxu turistikoak lurraldean zehar sakabanatu behar dira, Donostiatik lurraldera. Horretarako eskaintza artikulatu behar da; produktuak sortuz eta eskualdeen artean behar den guztietan lagunduz.
Izan ere, turistak berak mugatzen ditu helmuga turistiko baten mugak, edozein muga edo banaketa administratiboren gainetik, eta lurraldearen orografiak eragin nabarmena du turistak egiten duen hautaketan. Kasu honetan, bisitariak Hernioren gailurrera igo eta Zelatunen bazkaldu nahi du (oso gurea den ohitura) eta erlaxatu. Bisitariak bere nahia betetzeko konponbidek eta bideak nahi ditu, eta “administrazio-helmugetako” erakundeak, eskualdeak, alegia, erantzun hori emateko daude.
Herniok aisialdirako ibilbide eta aukera ugari eskaintzen ditu, hori dela eta, helburuko publiko ezberdinetara iritsi asmoz, hiru profil ezberdin aukeratu dira: familia bat haurrekin, mendian korrika egitea gustuko duten bi gazte, eta mendizale seniorrak.
Profil bakoitzarentzat egokia izan daitekeen ibilbide bana erakusten du bideoak, nahiz eta ez diren aukera bakarrak. Mendikaterako arrera puntu horiek sustatzeaz gain, bertaratzea erraztu nahi da, informazio erabilgarria emanez. Horregatik, bide bakoitzaren deskribapena gehitu zaio, kilometro kopurua eta malda zehaztuz, bakoitzaren gaitasunetara egokitu daitekeen bidea aukeratu ahal izateko.
Bisitariak gidatzen dituen enpresa pribatu baten eskaeratik jaio zen ideia, bezeroei, ikusiko zuten hura aurreratzeko modu bat ere izan asmoz Elkarlan publiko-pribatua ere bada, beraz, eta egungo egoeran, enpresa pribatuei, beraien lana errazteko tresna ere izan nahi du.