/ Aktualitatea / Ayuntamientos / “Auto baten jabe izan gabe erabiltzeko aukera izateak aurreztea erraztu lezake”
Iker Maguregi Aizpiri
Eusko Car Sharing elkartearen koordinatzailea
Zer da Car Sharing delakoa?
Autoen erabilera kolektibo eta partekatua egitea litzateke; hau da, autoaren jabe izan gabe, autoa erabiltzeko aukera eskaintzen duen eredu bat. Hori bai, erabilera hori pertsona talde batek egiten du, modu antolatuan, erreserba bidez. Orduka erreserbatzen dira autoak, eta norberak bere beharren arabera erabiltzen du.
Zein eredu daude autoa partekatzeko?
Bidaia ere partekatu liteke, bide berean doazenen artean eserlekuak elkarbanatuz. Baina guk bereizi egiten ditugu: gure helburua autoa bera partekatzea baita.
Zer lortzen da autoa partekatuz gero?
Hasteko, norbanakoentzako onurak ditu: erabilera motaren arabera, gastua asko murriztu daiteke. Auto baten erosketa ez ezik, mantenu eta aseguru gastuak ere kentzen dira. Bereziki autoa egunerokotasunean behar ez duen batentzat aukera ekonomikoagoa da. Autoa eskuragarri duzu, baina jabetzak dakarren zama gutxitu egiten da erabat.
Autoa ulertzeko beste modu bat da, ezbairik gabe. Baina horrek mentalitate aldaketa bat ere suposatuko du gizartean, ezta?
Einsteinek esan zuen: ‘Errazagoa da atomo bat suntsitzea, aurreiritzi bat baino’. Kasu honetan aurreiritzia baino ohitura bat da aldatu beharrekoa. Kulturalki jaso ditugun gauzak aldatzea kosta egiten da, baina norberak autoa erabiltzeko dituen beharren arabera, asko aurrezteko aukera izan daiteke, ingurumenari laguntzeaz gain. Urte batzuk dituen auto bat geldirik izateak 800€ko kostua du urtean, gutxi gora behera; lehen hamar urteetan, ordea, 2.000€ inguru balioko luke, amortizazioa kontutan hartuta. Bada, zera da pentsatu beharrekoa: zerbitzu honetan gastatuko dut nik diru hori urtean? Konpentsatzen badu, aukera egokia izan liteke.
Sozialki ere iraultza bat izan liteke, ezta?
Noski. Jabetza eta erabilera batera doaz. Baina ekuaziotik jabetza kenduz gero, erabilera zentzudunagoa egiten da. Hau da, autoa jabetzan izatean, modu inertzial batean erabiltzen da autoa, askorik pentsatu gabe. Autoa jabetzan ez bada, bi aldiz pentsatzen da autoa hartu aurretik, erabilera arrazionalago edo zentzudunago bat egiten da. Hori, mugikortasun eredu jasangarriago batzuen mesederako da, noski: bestela autobusa, trena, bizikleta… erabiltzen dira. Eta iraunkortasun ikuspegitik ere baditu onurak: urtean kilometro gutxiago egiten dira, eta horrek emisio kopuru eta energia erabilera txikiagoa esan nahi du.
Eta, kotxe kopurua murriztu.
Hori da beste onuretako bat. Imajinatu: hiriburu handietan horrelako auto batek 40 bat pertsonari eman diezaieke zerbitzua. Horien erdiak kotxerik ez izatea lortzen bada, espazioa irabazten dute hiriek. Europan kotxerik gabeko gero eta gune gehiago daude. Adibidez, zenbait herrialdetan, etxebizitzetako promotoreak hasi dira car sharing-a etxe berrietan integratzen. Horrela zoru gehiago erabilgarri izatea lortzen dute, berdegune, parke edo bestelako lurzoruak sortzeko. Hori bizi kalitatea hobetzea ere bada.
Euskal Herrian zein esperientzia daude?
Batzuk badaude, gehienak Bizkaian, eta beste batzuk bidean geratu dira. Bilbo eta inguruan Ibilkari daukagu 2009tik, autoa partekatzeko gure zerbitzua. Uribe Kostan, Ukanauto sortu zuen mankomunitateak 2011n, guk kudeatzen duguna. Eta Areatzan, Auzokar dago, hiru autorekin. Esperientzia horiek hamarkadatik gora dute. Beste herri batzuetan, sortu izan dira, auto elektrikoekin, adibidez, baina bidean geratu ziren, ez zirelako bideragarri izan.
Hori ere kontutan hartu beharreko faktore garrantzitsua da.
Ereduak irankorrak izatea ere garrantzitusa da, denboran egonkorrak izan daitezen. Horregatik, zerbitzua osatzen duten elementuek bideragarritasuna bermatu behar dute ekonomikoki. Hasierako diru laguntzak garrantzitsuak izan daitezken arren, horiek gabe mantentzeko moduko ereduak sortu behar dira. Horregatik, guk, autoan baino, indarra zerbitzuan jartzen dugu, autoak uste baino eskuragarriago baitaude. Erabiltzaileei zerbitzua bere osotasunean emateko, ezinbestekoa da beren premiak guztiz asetuko dituen proposamen bat bultzatzea; hori da, behintzat, gure helburua.
Analisi bat egiten ari zarete orain Tolosaldean. Oraindik goiz izango da ondorioak ateratzeko, baina boteprontoan, eta bere izaera kontuan izanda, zein aukera ditu horrelako eredu bat txertatzeko?
Autoa partekatzeko aukerek soluzio ezberdinak eman ditzakete, kasuan kasuko beharren arabera. Hemen ere ibilgailu mota bigarren maila batean utzi beharko da, eta fokua jarri zerbitzuan. Sistema ezberdinak uztartu beharko dira ziur aski. Herri txiki batek udalak jarritako auto bakar bat badu, jende askorentzat ez da zerbitzu erakargarria izango. Hiru baditu, ez da bideragarri izango agian. Hortaz, uztarketa bat eman behar da, errealitateetara egokitu. Agian herritarren artetik ere aterako dira auto gehiago, eta horrek eskualde osoan, demagun, partekatzeko 30 bat auto izatea ahalbidetuko balu… ekimenaren erakargarritasun handiagoa litzakete, ezta? Kulturalki salto hori ematea bilatzen dugu, herritarren parte hartzearekin.
Parte hartzearen garrantzia azpimarratu duzu.
Beharrei erantzuteko herritarren parte hartzea ezinbestekoa da. Erabiltzailerik gabe, zerbitzua hutsik geratzen da. Erakundeek hori erraztu behar dute, bide eman. Baina etorkizuna herritarren parte hartzean dago.