/ Aktualitatea / Empresa / “Inpresio digitala mugarri izango da kartoigintza sektorean: are gehiago handituko dira aukerak”
Txokolate eta txikoria ekoizle gisara sortu zen Limousin, 1880ko hamarkadan. Produktu horiek berak enbalatzetik, 1910eko hamarkadarako jarduera horretan zentratzera pasa zen. Orain, 20.000.000 milioi metro karratu ekoizten ditu urtean. Makineria berritzeko eta puntako teknologiaz hornitzeko inbertsio-politika jarraitu du, eta horri esker bere lekua egin du multinazional indartsuek menperatutako sektore batean. Etorkizun oparoa aurreikusten dio Iñaki Ormazabal zuzendariak.
Zergatik inbertsio-politika hori?
Kartoigintzan, oro har, makineria eguneratuta izatea garrantzitsua da, eta horrek inbertsio oso potoloak eskatzen ditu. Kartoiak, bolumen handia izan arren, balio txikia du, eta horregatik, kalitatea eta zerbitzuaren azkartasuna dira sektorean indar handiena duten ezaugarriak. Gu hor espezializatu gara: ondo eta azkar egiten. Eta horretarako teknikoki prest egon behar duzu: aldaketak azkar onartzen dituen makineria behar da, polibalentzia handia izan behar da, etab. Enpresaren historiako unerik garrantzitsuenetan beti egon izan da presente.
Zein unetan, adibidez?
‘Cartoncillo’ delakoa egiten zen hasieran, eta 1974an makina berria erosi eta kartoi ondulatuko fabrika integral gisa hasi zen funtzionatzen. 83ko krisiaren ondoren, kudeaketa aldaketa izan zen, langileen eskura pasa baitzen akzioen jabetza. Ordurako, makineria zaharkitua zegoen, eta sektorea ere ez zegoen ondo. Pixkanaka inbertsioak egin ziren: onduladora aldatu, manipulatzaile berriak sartu, pabiloia handitu… Horrela indartzen eta merkatua zabaltzen joan ginen. Eta horrela jarraitzen dugu, ahal dugun neurrian.
Multinazionalak nagusi diren sektorea da kartoigintza. Teknologiak zuen bidea egiten lagundu dizue?
Hain zuzen, multinazionalak nagusi dira inbertsio oso oso handiak behar direlako. Ez daude enpresa edo entitate gutxiren eskutan dauden inbertsioak. Adibide gisa, duela 6-7 bat urte, Britainia Handian urteko inbertsio industrial handiena gure sektoreko enpresa batena izan zen. Hala ere, badaude merkatu-nitxoak gurea moduko enpresa txikientzat, eta horretarako, esan bezala, espezializatzea da gakoa. Kalitatean eta zerbitzuaren azkartasunean zentratu gara gu, eta horrek gure merkatua ireki digu. Gainera, ibilbide handiko merkatua dela uste dut.
Nolakoa da merkatu hori?
Jasangarritasuna da kartoiaren ezaugarri nagusienetako bat; hain justu, horregatik produktu gisa ezin da oso urrutira eraman. Tamaina handiko material merkea izanik, garraioaren intzidentzia oso handia da. Kalkulatzen da 300 kilometroko diametro batean dela errentagarria. Horrek esan nahi du gure merkatua oso lokala dela. Euskal Herrira saltzen dugu gehienbat. Horrek ez du esan nahi gero kartoi hori Txinara joango ez denik, bezeroen produktuekin. Lokala izatean, mugatuagoa da merkatua. Baina baditu abantailak ere bai. Adibidez, ez dagoela beste herrialde batzuetako lehia desleialik, guztiok testuinguru berean ari baikara lanean.
Ez oso baloratu izatetik, baloratuenetako bat izatera pasa da. Eta hori gertatu da produktu oso jasangarria delako, eta milaka erabilera dituelako
Iñaki Ormazabal
Kartoia. Material arrunta dirudi, baina badu bere konplexutasuna, ezta? Zein bilakaera izan du?
Bai, prozesu konplexu eta garestia da. Baina eraldaketa nabarmena izan du: Ez oso baloratu izatetik, baloratuenetako bat izatera pasa da. Eta hori gertatu da produktu oso jasangarria delako, eta milaka erabilera dituelako. Erabiltzen den materialaren %90 birziklagarria, biodegradagarria eta erregaia da. Beste %10a, aldiz, berria da, ETSC zigilua duen masatik sortua. Eta hori horrela egiten da, hain zuzen, produktuaren birziklagarritasuna mantentzeko. Jasangarritasun hori kontutan izanda, merkatua jan die enbalajerako erabiltzen diren beste produktu batzuei, gehienbat, plastikoari. Birziklagarritasun horretan eman da bilakaera handiena, I+G+b prozesuei esker. Gero eta gehiago birziklatzen da, eta produktu ‘txarragoekin’ lehen baino kartoi hobea egiten da, birziklatua ez dena bezain indartsua.
Papera edo kartoia, eta jasangarritasuna. Harreman konplikatua dirudi.
Ikuspuntu okerra dago. Baieztatu da papera egiteko egurra ere aldatu behar dela. Eta hori ez da ondo ulertzen. Ezagun baten esan zidan behin, letxugarik jango ez bagenu, ez liratekeela letxugak aldatuko. Bada, berdin. Papera egingo ez balitz, ez lirateke milaka pinudi eta bestelako zuhaitzen basoak aldatuko. Isurtzen duena baino C02 gehiago xurgatzen duen sektore bakarrenetako bat bihurtu da. Eta horrek balioa eman die paperari eta kartoiari.
Zein dira kartoiaren aldaerak gaur egun?
Milaka aplikazio daude, baina gu kartoi ondulatua egiten zentratu gara, batik bat. Produktu tolesgarri batetik erresistentzia maila ezberdinetako produktu zurrun bat egiten da, formei indarra emanez. Fanfold delakoa ere egiten dugu, gutxiago bada ere: zig-zag batean nahi adina plegatzen da. Eta, gero, PET kartoia. Poliespanaren eta poliproilenoaren ordezkoa da. PET plastiko lamina bat du, likido eta gantzekiko isolagarri bihurtzen duena, eta muturreko tenperaturetara erresistente bihurtzen duena. Saiatzen gara plastikoak duen abantaila hori kartoiaren mesedetara jartzen, jasangarriagoa izan dadin. Hori, adibidez, elikagai eta produktu elektronikoekin asko erabiltzen da, eta merkatua zabaldu du.
Kontsumo ohituren aldaketak ere eragin zuzena izango zuen eraldaketa horretan.
Sektore zorteduna da gurea zentzu horretan. Covid-19ak kontsumo eredua irauli du, eta gure produktua balorizatu. E-commercea edo online erosketa asko hazi da, eta horrek kartoi kontsumoa areagotu du. Horri gehitu behar zaio lehenagotik datorren beste aldaketa bat: familia ereduena. Gero eta familia txikiagoak izanik, produktu bakarragoetara goaz. Lehen esnea 12 kaxatan erosten zen; orain seikoetan, eta laster launaka erosiko dugu. Horrek kartoi gehiago eskatuko du, eta beraz, etorkizuneko proiekzioa ona da.
Inpresio digitalari esker, itxura eta inpresio hobeko kartoia egin ahal izango da, kostua mantenduta. Pertsonalizazio maila handiagoa izango da
Iñaki Ormazabal
Etorkizunari begira, eta sektoreak dituen erronken artean, nola dago posizionatuta Limousin?
Ondo kokatuta gaude, teknologikoki prest gaudelako. Eguneratzeko beharrak ez du mugarik, eta beti joan gara berrikuntzak aplikatzen. Orain, adibidez, inpresio digitalari heldu diogu. Uste dut mugarri garrantzitsu bat izango dela sektorean.
Zergatik?
Barruko produktua baino lehenago ikusten da enbalajea, eta, nolabait feeling ona sortu behar du. Beste sektore batzuetan ez bezala, asko ari da kostatzen gurean, kartoiak berak dituen berezitasunengatik. Mundu mailan ez daude teknologia hau aplikatzen ari diren kartoi enpresa asko. Hala ere, urrats handiak eman dira eta etorkizuna hortik joango da, eta guk hor egon nahi dugu.
Zein da zuen asmoa?
Euskal Herrian teknologia mota honetan sartuta dagoen enpresa batekin proiektu sendo bat abiatu genuen. Elkarlanari esker, guk inpresio digitala erabiltzeko aukera dugu, eta eurak kartoia ezagutu ahal dute gure bidez. Proba fasean gaude, eta makina ia aurreratua dago, nahiz eta oraindik ez daukagun eguneroko produkzioan sartuta. Urtea amaitzerako sartzea espero dugu.
Zein abantaila emango dizkizue inpresio digitalak?
Itxura eta inpresio hobeko kartoia egin ahal izango da, kostua mantenduta. Kartoi ondulatuen kasuan, gainera, ikuspuntua erabat aldatzea ahalbidetuko du. Kontutan izan orain gure produktuak makina rotatiboetan oinarrituta daudela. Demagun 5.000 kaxa egin behar ditugula. Guztiak berdinak dira orain. Inpresio digitalarekin ez du zertan: esaterako, zenbakitu daitezke. Pertsonalizazio maila handituko da.