/ Aktualitatea / Empresa / “Aholkulariok erakunde publikoen eta enpresen arteko lotura bihurtu gara”
Zer da enpresa baten aholkulari izatea?
Gure bezeroei aholkuak ematea, laguntzea, entzutea, erraztasunak ematea… hori guztia hurbileko zerbitzu gizatiar eta profesional batekin. Sailka banatuta gaude: fiskalitate-arloa, merkataritza-arloa, lan-arloa… Bakoitzak bere lan zehatzak ditu: dela enpresen nominak egitea, dela zergak aurkeztea, dela gizarte segurantzako betebeharrak kudeatzea…
Zer eskaini nahi diezue zuen bezeroei?
Gure kezka da bezeroari balio handiagoa ematea gure zerbitzuetan, haiekin biltzea, haien beharrak, kezkak, arazoak eta abar ezagutzea, behar duen eremuan eta unean aholkuak eman ahal izateko.
Horretarako ezinbesteko izango duzue gai askoren inguruan eguneratuta egotea, ezta?
Noski, bezeroak egunero-egunero eskatzen dizu hori: arauetan, diru-laguntzen eskaeretan, inbertsioetan, zerga-sisteman… Esan genezake gure berrikuntza eta inbertsio nagusia formaziora bideratzen dugula. Aldaketei adi begiratzen diegu, eta zerbait berria datorrenean aurreratzen saiatzen gara, ikasi eta gero bezeroekin ondo aplikatzeko.
Nola?
Gure bezeroei modu aktiboan eragiten dieten foro eta prestakuntza guztietan egonez.
Pandemia zurrunbilo handi bat izango zen, zentzu horretan, ezta?
Mugarri garrantzitsua izan zen. Ezegonkortasun handia bizi izan genuen, gure lan-arlo guztietan, gainera. Juridikoki hankaz gora jarri zen dena, asko aldatu zen, ia egunero aldatzen edo berritzen baiziren lege eta arauak, estatu, erkidego nahiz lurralde mailan. Informazioa erdizka jasotzen genuen, gainera: prentsa-titularrak jasotzen ziren arauak aldizkari ofizialetan argitaratu aurretik.
Nola egin zenioten aurre egoerari, zuena bezalako sektore batean, eta, era berean, hain sektore ezberdinetako enpresa edo bezeroak izanda?
Tristura handiarekin gogoratzen dut. Telelanean jardun genuen, eta lantaldeko guztiek lanari lehentasuna eman zioten, hori izan baitzen gure bezeroei arreta ematen jarraitu ahal izateko modu bakarra. Bideo-deietan gogorra egiten zitzaidan lankideen aurpegiak ikustea. Norbere errealitateari, egoeraren gordintasuna eta laneko eskakizun gero eta handiagoak gehitu behar zitzaizkion. Hala ere, oso eskertuta ere banago, den-dena eman zuelako talde osoak.
Eraginkorra izan al zen? Eta, etorkizunera begira, lan egiteko modu eragikor bat bezala ikusten duzue telelanarena?
Telelana unean unerako eraginkorra izan zen, baina ez gure bulegoak behar duen efizientzia guztiarekin. Bulegoan guztiok gertatzen denaz jakitun gara momentuan, eta elkar laguntzeko aukera dugu. Aldiz, telelanak prozesu hori moteldu ere egiten du, eta, une batzuetan, baita informazio galera eragin ere. Egoera normal batean, eta tarketatuz, eraginkorra izatera iritsi daiteke. Gure lanean, ordea, denok nahiago izan genuen bulegora itzuli.
Zein aldaketa ekarri ditu sektorearentzat eta zuen bezeroentzat?
Batik bat administrazio publikoaren zereginak eta harekin harremana izateko modua aldatu dira. Enpresa pribatura pasa dira lehengo zereginetako batzuk. Eta harremanari dagokionez, oraindik ez da aurrez aurreko arreta itzuli sail batzuetan Une honetan gu gara erakunde publikoen eta enpresen arteko lotura. Sinadura elektroniko bat behar da erakundeekin harremana izateko. Ogasunak lehen bazuen, baina beste alorretara eraman dute: Lanbide, Gizarte Segurantza… Pandemiarekin, egun batetik bestera aurrez aurrekoa albo batera utzi eta guztia elektronikoki egitera pasa ziren, eta horrek erdian jarri gaitu.
Beste aldaketa bat: TicketBai. Digitalizatzea eskatu zaie enpresei.
Ogasuna digitalizatuen dagoen erakunde publikoetako bat izango da ziurrenik, eta hau beste urrats bat da norabide horretan. Fakturak denbora errealean Ogasunera bidali beharko dira, software baten bitartez.
Zein izango da aldaketa nagusia?
Internet eta software homologatua izateko betebeharra, jaulkitako fakturak denbora errealean Gipuzkoako Ogasunari transmititu ahal izateko.
Hautsak ere harrotu ditu.
Normalean, aldaketa guztiek kritikak eta ziurgabetasuna sortzen dituzte, eta denbora behar izaten dute sistema berrira egokitzeko. Etengabe da trebatzera behartuko gaituen tresna digitala.
Baina sektore batzuei zuzenean eragin egingo die.
Inbertsioak eskatuko ditu hasieran, eta horrek bereziki eragingo du bezero gehienak norbanakoak diren sektoreetan: merkataritzan eta ostalaritzan.
Software bat ez zuten enpresek Ogasunaren plataforma erabiliko dute. Programa bat duenek, softwarearen hornitzailearekin eguneratzea adostu beharko dute. TPV-a zuten saltokiek ere aktualizatu egin beharko dute softwarea. Homologatuko ez den softwarerik izanez gero, homologatutako software bat erosi beharko da nahitaez.
Fakturazio sistema berri hau oinarrizkoa izango da gaur egun bizitzen ari garen eraldaketa digitalaren aurrean, ezta?
Sistema honek informazio asko emango dio Ogasunari. Urte batzuen buruan jaulkitako zein jasotako fakturak bidal ditzagun eskatuko digute, eta, horrela, Gipuzkoako enpresen fiskalitatearen trazabilitatea egin ahal izango dute, eta modu horretara, gure zergak automatizatzeko.
Bestelako zein kezka dituzte enpresek une honetan?
Lan-erreforma, lehengaien eskasia, lehengai eta horniduren prezioen igoera eta ezegonkortasun orokorreko egoera. Horrek guztiak zalantza handia sortzen du gure bezeroengan, ez epe laburrera bakarrik, baita epe ertain-luzera ere.
Ezegonkortasun honek nola eragin die enpresei?
Ezegonkortasunak kezka sortzen du enpresetan. Egia da sektore gehienek lan-karga nahiko handia dutela une honetan, baina badirudi karga hau epe laburrean baino ez dela mantenduko.
Inbertsio eta kontratazio aldetik, nabari al da kezka hau?
Bai, beti. Horrelako ezegonkortasun egoera baten aurrean, enpresak ez dira inbertsioak egitera ausartzen.
Eta, lan-erreformari dagokionean, zein dira kezka nagusienak?
Lan-kargaren gorakada behin-behinekoa izango dela dirudi, baina lan-erreforma berriaren arabera, lan-kontratu mugagabeak egin beharko dira eta honek ardura handia eragiten du enpresetan.