/ Aktualitatea / Turismo / “KUTSIDAZU BIDEA, IXABEL” ibilbidearen inaugurazioa
● Euskara eta landa bizitza balioesteko, Joxean Sagastizabalen eleberrian oinarritutako ibilbidea seinaleztatu da, Hernialde eta Alkiza lotzen dituen herri-bidea oinarri.
● ‘Familian egiteko ibilbideak” gida argitaratu da, Tolosaldeko 7 ibilbide tematiko eta orientazio ibilbide bat jasotzen ditu.
2021eko azaroan definitu zen Tolosaldeko Turismo Marketin Planaren helburu estrategikoen arten, honako hauek jaso ziren besteak beste:
Plan honetan oinarritu zen hain zuzen, Tolosaldeko Turismo Jasangarriaren Plana, Europako Next Generation funtsen finatziazioari esker eta Euskadiko Helmugako turismo-jasangarritasuneko lurralde-planarekin lerrokatuta. Ekintza hau, plan honen 4. Ardatza, Lehiakortasuna, eta lehen jardueraren baitan kokatzen da: Eskaintza kultural turistikoa sortzea eta hobetzea.
Haurrak dituzten familiak bestalde, helburuko publiko lehenetsietako bat da eta hauei begira sortu da besteak beste, Kutsidazu bidea, Ixabel ibilbidea jasotzen duen gida. Eskaintza berri hau ezagutzera eman dute, gaur, Hernialden. Bertan izan dira, Javier Hurtado, Eusko Jaurlaritzako Turismoa, Merkataritza eta Kontsumo sailburua; Azahara Dominguez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo diputatua; Andu Martinez de Rituerto, Tolosaldea Garatzeneko lehendakaria; Luis Arana, Hernialdeko alkatea; Iñaki Irazabalbeitia, Alkizako alkatea, eta Joxean Sagastizabal, “Kutsidazu bidea, Ixabel” eleberriaren idazlea, besteak beste.
“Kutsidazu bidea, Ixabel”
Joxean Sagastizabalek 1994an argitaratu zuen umore eleberri laburra, gerora, izen bereko antzerki, film eta musikalen oinarri izan da. Bere bizipenetatik abiatuta idatzitako eleberria da eta Hernialdeko baserri batean hartu zuen ostatu, euskara ikastera etorri zen donostiar gazte hark. Egunero, Hernialdetik Alkizako euskaltegira egiten zuen bidea da hain zuzen, seinaleztatu dena. Filmeko pasarte batzuk herri-bide honetan grabatu ziren gainera.
Luzera: Hernialdetik Alkizara 4,4 km
Denbora estimazioa: 1 ordu 30 minutu.
Herri-bidean errepidea eraiki zenez, beste alternatiba bat seinaleztatu da Alkizara igotzeko.
Eleberriko elementuei erreferentzia eginez, Lauhortza da ibilbidea identifikatzeko erabili den elementua.
Familian egiteko ibilbide honek Hernialde eta Alkiza lotzen dituen herri-bide tradizionala jarraitzen du. Horretaz gain, Hernio-Gazume mazizoaren ikuspegi ederraz eta Mandabe errekaren ibarrean landutako baserri-paisaiaz gozatzeko parada ematen du.
“…bidea haran ttipi txukun batetik zihoan. Bake santu hura, zeru urdina, zelaiak, metak, baserria, brisara oraindik freskoa epeldu nahiz…Mendiko usainak”. “Kutsidazu bidea, Ixabel” Joxean Sagastizabal.
Ibilbidean zehar, 3 geldiune diseinatu dira eleberriaren hiztegi eta bestelako erreferentziak nabarmentzen dituztenak.
“Kutsidazu bidea, Ixabel” ezagutzeko egitaraua
Martxoak 22, larunbata. ALKIZA
– 10:30 “Kutsidazu bidea, Ixabel” bisita gidatua Alkizatik Hernialdera
– 19:00 “Kutsidazu bidea, Ixabel” antzezlana. Alkizako Elizan.
Martxoak 29, larunbata. HERNIALDE-ALKIZA
– 10:30 “Kutsidazu bidea, Ixabel” bisita gidatua Hernialdetik Alkizara.
Apirilak 5, larunbata. ALKIZA-HERNIALDE
– 10:30 “Kutsidazu bidea, Ixabel” bisita gidatua Alkizatik Hernialdera.
Apirilak 12, larunbata. HERNIALDE-ALKIZA
– 10:30 “Kutsidazu bidea, Ixabel” bisita gidatua Hernialdetik Alkizara.
“Kutsidazu bidea, Ixabel” antzezlana. Hernialden.
Apirilak 28, ostirala. ALKIZA
18:30 “Gure genealogia euskaltzaleak XVI. mendetik XX-era. Alkizatik Euskal Herrira” Hitzaldia bertsoz lagunduta. Haritz Azurmendi eta Oihana Iguaran.
Agenda zehaztasun guztiekin www.tolosaldea.eus web gunean.
Bisita gidatuetan parte-hartzeko tokia erreserbatzea ezinbestekoa da, plaza mugatuak izango baitira. 25 pertsonentzako tokia izango da. Doakoak izango dira.
Errreserbak, Tolosaldeko Turismo bulegoan egin beharko dira ondorengo bideetatik:
Telefono edo whatsapp bidez: 943 69 74 13 Emailez: tour@tolosaldea.eus
Aurrez aurre: Plaza Zaharra, 10. 20400 Tolosa.
Familian egiteko ibilbideen gida berria
“Kutsidazu bidea, Ixabel” ibilbidea bera eta beste sei ibilbide tematiko erraz eta ertainak, eta Txindokiko itzala orientazioko ibilbide finkoa bildu dira gida honetan.
Bestelako euskarri fisikoetan jaso gabe zeuden ibilbide tematikoak jaso dira gida honetan eta euskarri propioa duten ibilbide tematikoen erreferentzia egiten da.
Haurrekin ibilbideak direnez, ahalik eta informazio xehatuena bildu dugu, bai ibilbideari buruz eta baita aurkituko dituzten zerbitzuen inguruan.
Guztiak Tolosaldearen wikiloc kontuan daude ikusgai. Euskaraz eta gazteleraz sortutako testuak jasotzen ditu.
IKUSI ESKUORRIA OSORIK
ADIERAZPENAK
Andu Martinez de Rituerto. Tolosaldea Garatzeneko lehendakaria
“Euskara eta landa bizitza balioetsi nahi izan ditugu proiektu honekin eta gure kultura baloratzen duten bisitariak erakartzeko helburua du.”
Luis Arana. Hernialdeko alkatea
“Kutsidazu bidea, Ixabel Hernialdek bere sentitzen duen obra da, eta ez da harritzekoa, eleberrian agertzen den baserria eta familia bertakoak direlako. Gure arbasoek herribide honen inguruan kontatutako istorio eta pasarteei balioa ematea nahi dugu, eta, aldi berean, herriko bisitarientzat eskaintza berri bat sortzea.”
Iñaki Irazabalbeitia. Alkizako alkatea
“Duela ia 50 urte, Juan Martin moduko urbanitak Alkizara euskara ikastera etorri zirenean bidea ireki zuten ondoren gure herrira milaka ume, gazte eta heldu euskalduntzera etortzeko. Alkizarrok harro gaude euskararen normalizazioan eginiko ekarpenarekin.”
Azahara Domínguez Urtizberea.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuna, Turismoa eta Lurralde Antolaketako Diputatua.
“Turismoaren jasangarritasunaz hitz egiten dugunean, gaur hemen aurkezten dugun honetaz hitz egiten dugu: gure lurraldearen bihotza ezagutzeko aukera emango diguten hainbat ibilbide, inguratzen gaituen naturarekiko, landa-ingurunearen ezaugarri diren lasaitasun eta bakearekiko, eta, jakina, gure kulturarekiko, tradizioekiko eta jendearekiko errespetu absolututik abiatuta. Horrelako ekimenen bidez, turismoa jasangarria eta kalitatezkoa izan daitekeela eta enplegua eta aberastasuna sor ditzakeela erakusten laguntzen diguzue, bertako biztanleei kalterik edo eragozpenik eragin gabe”.
Javier Hurtado Domínguez. Consejero de Turismo, Comercio y Consumo del Gobierno Vasco
“Los Planes de Sostenibilidad Turística en Destino han inyectado más de 80 millones de Fondos Europeos en Euskadi, de los cuales 2 millones se han destinado al Plan de Tolosaldea. Hablamos de fondos que están ejecutándose y muchas de cuyas actuaciones están ya finalizadas, como el caso de esta nueva ruta turístico-cultural, que se une a otras 6 rutas de contenido muy familiar.”