/ Aktualitatea / Ayuntamientos / Martxan da Gurpilgunea, bigarren eskuko piezekin bizikletak konpontzeko espazioa
‘Gurpilgunea’ izeneko espazioaren inaugurazioarekin abiatu da Mugikortasun Astea, mugikortasun eredu jasangarri bat sustatzeko bizikletaren erabilera aldarri hartuta.
Erabiltzen ez diren bizikletak eta horien piezak berreskuratu eta norbere bizikletak konpontzeko aukera eskainiko du. Horretarako, konponketarako tresna ugari izango dira erabiltzaileen eskura.
Lan horretan laguntzeko eta zalantzak argitzeko Zumardia Elkarteko boluntario talde baten laguntza izango dute bertaratzen direnek. Are gehiago, tarteka oinarrizko mekanika eta konponketa tailerrak antolatuko dira, trebatzeko.
Ez hori bakarrik: salerosketarako eta elkartrukerako gune ere izango da, eta hori errazteko dinamika bat jarriko du martxan.
Tolosako Zumardi Handian kokatuko da Gurpilgunea. Bazkideek baino ezingo dute erabili espazioa, baita bertako tresneria eta aholku zerbitzua ere. Bazkidetzak 15 euroko kostua du urtean, eta izena emateko info@zumardia.eus helbidera idatzi beharko da.
Astearte goizez (10:00-12:00) eta ostegun eta ostiral arratsaldetan (17:00-19:00) zabalduko ditu ateak, oraingoz. Boluntarioen lana ezinbestekoa izango denez, beste edonor lan horretan laguntzeko prest balego, Zumardia elkartearekin jar daiteke harremanetan. Jende gehiagoren laguntza jasoz gero, ordutegia zabaltzeko aukera aztertuko dute.
INFORMAZIO GEHIAGOEdu Otxotorena, Zumardia Elkarteko kide eta Gurpilguneko arduradunak azaldu duenez, “bizikleten berrerabilpenerako erreferentziazko gune” izan nahi du espazio berriak: “Natura, hezkuntza eta kirola dira Zumardiaren balio nagusiak, eta proiektu honek bete-betean egiten du bat balio horiekin, modu jasangarriagoan mugitzea, hondakinak gutxitzea eta horretarako gizartea heztea dituelako xede Gurpilguneak”.
Ekonomia zirkularra, ingurumena eta gizarteratzea ditu oinarrian proiektuak, Iker Urruzola, Tolosaldea Garatzeneko lehendakariaren hitzetan, “Tolosaldearentzat, hain zuzen, etorkizunerako zutabe estrategiko direnak”.
Ildo beretik mintzatu da Olatz Peon, Tolosaldeko Mankomunitateko lehendakari eta Tolosako alkatea: “Konpontzea eta berrerabiltzea, hondakin bihurtu aurreko urrats garrantzitsua da, eta hori guretzat lehentasunezkoa da hondakinen politikan. Tolosan horrelako espazio bat herritarren eskura jartzea urrats bat gehiago da jasangarritasunaren alde egiten ari garen lanean”.
Hurrengo egunetan, ateak zabalik izango ditu, arratsaldetan, nahi duen orok espazioa bera eta zerbitzuen eskaintza bertatik bertara ezagutzeko.
Mugikortasun Astearen barruan, beste bi hitzordu izango dira aste bukaerari begira:
Ostiralean, Tolosa eta Ibarra arteko Bizibira Fest bizikleta martxa ospatuko da, Intujai taldeak dinamizatuta. Hiru abiapuntu izango ditu ibilaldiak, 17:00etan: Ibarran, herriko plaza; eta, Tolosan, San Juan Plaza (Arramele ermitaren alboan) eta Herrikide ikastetxea. Azken honek, Laskorain Ikastolako ikasleak jasoko ditu Usabalen.
17:30etik aurrera, Zumardi Handian bilduko dira guztiak, eta bertan, jolasak eta tailerrak egingo dira haurrentzat. Oriako Limousin Txirrindularitza Eskolak ere bizikleta gainean trebetasuna lantzeko zirkuitua jarriko du.
Larunbatean, berriz, bigarren eskuko azoka ospatuko da, leku berean. Bizikleta eta materialen salerosketa egingo da eta aurrez utzi ahalko da asteazken, ostegun eta ostiralean 17:00tatik 19:00tara eta larunbatean bertan goizeko 09:tatik 10:00tara.