/ Aktualitatea / Ayuntamientos / Mugi txartelaren erabiltzaileek eskaripeko taxi zerbitzua ere izango dute Tolosaldeko herri txikietan
Eskariaren araberako taxi zerbitzu berri batek Lurraldebusen eskualdeko zerbitzuak osatuko ditu uztailaren 1etik aurrera.
Hain zuzen, Lurraldebusen TO25E (Alegia – Altzo); TO24E (Orendain – Alegia); TO26E (Baliarrain – Alegia) eta TO02 (Tolosa – Ibarra – Berrobi – Elduain – Berastegi) lineak zabalduko ditu zerbitzu osagarri honek, erabiltzaileen mugikortasuna hobetu asmoz.
Astelehenetik ostiralera izango da erabilgarri, 09:00etatik 19:00etara, eta linea horietako ibilbideen barruan mugitu behar duten herritarrek eskatu ahal izango dute, beharren arabera, eta beti ere Mugi txartelaren erabiltzaileak izanez gero. Izan ere, ordainketa Mugi txartelarekin egin beharko da.
Ordubeteko aurrerapenarekin eskatu ahal izango da taxia, Lurraldebusen bezeroaren arretarako doako telefonoan: 900 30 03 40. Ordu jakin horretan linea horretako autobus zerbitzurik bada, ordea, ez da taxirik eskainiko. Hau da, soilik zerbitzu erregularrak betetzen ez dituen ordu-tarteetan erabili ahal izango da taxia.
Hilabetez izango da martxan esperientzia hau, uztailan zehar, alegia, eta ondoren emaitzak aztertuko dituzte, herritarren harrerera neurtu eta zerbitzua orokortu ote litekeen aztertzeko.
Rafaela Romero Mugikortasun diputatuaren esanetan, proiektuaren helburua da “garraio publikoaren zerbitzua indartzea, maiztasun txikiagoa duen eremuetan eta zerbitzurik gabeko orduetan”.