/ Aktualitatea / Ayuntamientos / Klima aldaketari aurre egiteko bizikletaren erabilera, Mugikortasun Asteko eta Asteklimako aldarri nagusi
Irailaren 16tik aurrera Mugikortasun Astea ospatuko da Europa osoan eta, haren jarraian, klima aldaketaren inguruan kontzientzia piztea helburu duen Asteklima.
Tolosaldean, zehazki, bi egitasmo horiek uztartu eta mugikortasun jasangarriak aldaketa klimatikoari aurre egiteko duen garrantzia azaleratuko da. Eta, norabide horretan, bizikletaren erabileran jarriko da azpimarra Tolosaldea Garatzeneko Udal Sailak Tolosako eta Ibarrako udalekin eta Zumardia elkartearekin elkarlanean antolatutako ekitaldietan.
Bizikletak konpontzeko gune bat
‘Gurpilgunea’ izeneko espazioaren irekiera izango da egitarauaren lehen hitzordua. Erabiltzen ez diren bizikletak eta horien piezak berreskuratu eta norbere bizikletak konpontzeko aukera eskainiko du Tolosako Zumardi Handian kokatutako guneak.
Baina hori baino gehiago ere bada: salerosketa eta elkartrukerako erreferentziazko puntu bihurtu nahi da eta, tarteka, oinarrizko mekanika ikastaroak ere eskainiko dira.
Bizikletaren erabilera sustatzea ez ezik, mugikortasunari lotutako hondakinak gutxitzea eta berrerabilpena sustatzea ditu helburu Gurpilguneak.
Gurpilgunearen inaugurazioaren ondorengo egunetan, ateak zabalik izango ditu, arratsaldetan, nahi duen orok espazioa bera eta zerbitzuen eskaintza bertatik bertara ezagutu dezan.
Aldarrikapenak, festa giroan
Jai kutsua hartuko dute aldarrikapenek ostiraletik aurrera, Bizibira Fest ekitaldiarekin. Etxeko txikienei bizikletaren erabileraz kontzientzia pizteko Tolosako eta Ibarrako hainbat puntutatik bizikleta martxa egingo da hilaren 23an, Intujai Teatroko aktoreek dinamizatuta. Eskualdeko gainerako herrietatik ere martxara batu daitezen dei egin diete antolatzaileek.
Abiapuntu guztiek izango dute helmuga bera, Zumardi Handiko Gurpilgunea, eta bertan, jolasak eta tailerrak egingo dira haurrentzat. Oriako Limousin Txirrindularitza Eskolak ere bizikleta gainean trebetasuna lantzeko zirkuitua jarriko du.
Bigarren eskuko azoka, larunbatean
Larunbatean, berriz, bigarren eskuko azoka ospatuko da leku berean. Bizikleta eta materialen salerosketa ez ezik, bizikleta elektrikoen erakustoki bat eta Eusko Car Sharing elkartearen informazio puntu bat ere izango dira.
Irailaren 21etik aurrera azoka horretan erakusgai edo salgai jartzeko materiala uzteko aukera izango da. Asteazken, ostegun eta ostiralean, 17:00etatik 19:00etara bitarte utzi ahal izango da materiala Zumardi Handiko Gurpilgunean. Larunbatean, berriz, 09:00etatik 10:00etara bitarte izango da materiala uzteko aukera.
Irailak 21, asteazkena
11:30. Gurpilgunearen inaugurazio instituzionala
17:00-19:00. Gurpilgunea: ate-irekiak.
Irailak 22, osteguna
17:00-19:00. Gurpilgunea: ate-irekiak.
Irailak 23, ostirala: Bizibira Fest
17:30. Aldaketa klimatikoaren aurkako bizikleta martxa, Intujai Teatroak alaituta.
17:30-19:00. Festa, Zumardiandian: sari banaketa, jolasak, tailerrak, antzerki ikuskizuna eta merienda, Gurpilgunean.
Irailak 24, larunbata
10:00-13:00. Bigarren eskuko bizikleta azoka, Zumardiandian.