/ Aktualitatea / Turismo / Pandemia aurreko oporraldian baino bisitari gehiago jaso ditu Tolosaldeak, Aste Santuan
Gastronomiaz, naturaz eta kulturaz gozatzeko, kalitatezko helmuga turistiko gisa indartzen ari da Tolosaldea. Hala erakusten dute Aste Santuko datuek.
Joera hori lehenagotik ere nabaria da turismo bulegoan. Urtarrilean lekualdatu zen, Andre Maria plazatik Plaza Zaharrera. Bada, lehen lau hilabeteetan, bisitari kopurua nabarmen hazi da: 2.500 bisitari inguru artatu ditu, joan den urtean baino hiru aldiz gehiago, eta pandemia aurreko datuak ere hobetuz.
URT. | URT. | OTS. | OTS. | MAR. | MAR. | API. | API. | DEN. | DEN. | |
Urteak | 2022 | 2021 | 2022 | 2021 | 2022 | 2021 | 2022 | 2021 | 2022 | 2021 |
Denera | 227 | 80 | 503 | 46 | 905 | 302 | 821 | 557 | 2456 | 985 |
Bertakoak | 100 | 60 | 97 | 35 | 486 | 88 | 187 | 102 | 870 | 285 |
Gipuzkoa | 28 | 10 | 57 | 1 | 34 | 56 | 31 | 101 | 150 | 168 |
Euskadi (Gainerakoak) | 28 | 4 | 66 | 6 | 180 | 141 | 156 | 332 | 430 | 483 |
Estatua | 48 | 2 | 238 | 125 | 13 | 364 | 13 | 775 | 28 | |
Atzerria | 23 | 4 | 45 | 4 | 80 | 4 | 83 | 9 | 231 | 21 |
Profilari begiratuta, gorakadarik aipagarriena estatuko bisitariena dela ondoriozta daiteke. Neurri txikiagoan bada ere, igo egin da atzerritik iritsitako turista kopurua.
Eskualdeko biztanle asko gerturatu dira turismo bulegora urtearen lehen laurden honetan. Eta badu bere arrazoia igoerak: martxoan argitaratutako Tolosaldeko mendi ibilbideen gida berriak ikusmin handia piztu baitu.
Bisitarien jatorrietan sakonduz, lehen hiruhilabetean bizkaitarrak, nafarrak eta frantziarrak izan dira nagusi. Aste Santuan, aldiz, Katalunia eta Madrildik etorri da turista gehien.
Gorakadak ere eragina izan du bisita gidatuetan. Urte hasieratik hona 469 bisitarik parte hartu du bisitaren batean. Igoerarik nabarmenena, bereziki, otsailetik aurrera eman da. Hain zuzen, datuok joan den urtekoak bikoiztu egiten dituzte.
Dena dela, turistak ez dira turismo bulegoan bakarrik nabaritu. Tolosaldeko nekazalturismo eta landetxeen kasuan, Aste Santuko okupazioa %93koa izan da, 2021ean izandako %84a hobetuz, baina baita 2019ko %73aren oso gainetik.
Aurreko urteko Aste Santua, barne turismoari esker, nahiko ona izan zen. Dena dela, igoera ez da Aste Santuan soilik nabaritzen ari, otsailetik aurrera, hilabeteko batez besteko okupazio datuak hobetu baitira.
Iaz egin zen Tolosaldeko Marketin Planari jarraiki, Tolosaldearen turismo marka berria aurkeztu zen urte hasieran, turismo bulego berriarekin batera. Orain, marka horren euskarri nagusia izango den webgunea aurkeztu du Tolosaldea Turismoak.
Nabigatzeko modu berriatara egokitutako weba da, hasieratik mugikorrarekin kontsultatzeko diseinatua baitago. Hortik duen diseinu eta estilo minimalista: eduki bisualagoak egin asmoz, irudi kopurua handitu eta testuak xehetu dira, bisitaria ondo informatzeko eta bideratzeko.
Hain zuzen, irudiek berebiziko garrantzia izango dute. Benetakotasuna da gure eskualdearen ezaugarrietako bat, gauzak diren modura ikusten eta bizitzen baititu bisitariak. Eta, horretarako, zer hobekiago irudiak baino. Zentzu horretan, herri guztietako eta markatutako mendi ibilbideetako irudi bankua sortu da.
Badu beste berrikuntza nagusi bat: bost hizkuntzatara itzulita izango da. Orain arte euskaraz ez ezik, gazteleraz, ingelesez eta frantsesez ikus zitekeen informazioa. Bada, aurrerantzean, katalanez ere izango da eskuragarri. Izan ere, datuek erakusten duen moduan, kataluniarrak dira eskualdea gehien bisitatzen dutenak.
Hasiera baino ez da hau, webgunea guztiz dinamikoa izango baita eta edukiak etengabe eguneratuko eta osatuko baitira.
Tolosaldearen erakargarritasun turistikoen erakusleiho nagusia izatea da helburua, eta bi norabidetan landu da: batetik, udako oporraldiak erreserbatzeko garaiaren atarian, eskualdera etortzeko erabakian eragiteko; eta, bestetik, behin bisitariak gurean izanda, webgunea erabilgarri izan dadin aukera guztien inguruan informatzeko eta fluxua bideratzeko. Modu horretara, eskualde osoan zehar ez ezik, turistak alojamendu, museo eta jatetxeetara bideratzea ere lortu nahi da.