/ Aktualitatea / Ayuntamientos / Gazteak zientzia eta teknologia gaietara gerturatzea, Tolosaldeko erronka nagusienen artean
Tolosaldeko gazteen STEAM-ZTIAM (zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematikak) diagnosia eta haren emaitzei aurre egiteko Bizilabe ekimena aurkeztu dituzte Tolosaldea Garatzenek eta Elhuyarrek. Tolosaldea LHko Ikastetxe Integratuan egin da aurkezpena, eta bertan izan dira Iker Urruzola Aizpurua, Tolosaldea Garatzeneko Lehendakaria; Joseba Amondarain, Gipuzkoako Foru Aldundiko Teknikaria; Garazi Andonegi Beristain, Elhuyarreko Zientzia Unitateko zuzendaria; Aitziber Lasa Iglesias Elhuyar STEAM hezkuntzako zuzendaria; eta Iñaki Pakea Arsuaga, Tolosaldea LHko Ikastetxe Integratuko zuzendaria.
Gaur aurkeztu den STEAM arloko gaien eta lanbideen inguruko galdetegiari DBHko 3. eta 4. mailako 574 gaztek erantzun diote. Parte-hartzaileen % 48,6 neskak izan dira, % 47,9 mutilak eta % 3,5 ez-bitarrak. Honako ikastetxe hauetatik jaso dira erantzunak: Anoetako Herri Ikastola, Aralar Institutua, Herrikide Ikastetxea, Laskorain Ikastola, Orixe Ikastola, Uzturpe Ikastola eta Zubimusu Ikastola.
Galdetegian, zientziaren eta teknologiaren alorrekiko interesa eta haiei lotutako lanpostuetan lan egiteko izan dezaketen asmoaz ez ezik, eskualdeko lan-jardueraren inguruan ere galdetu zaie. Aitziber Lasa Iglesiasek, Elhuyar STEAM hezkuntzako arduradunak, aurkeztu ditu galdetegiaren emaitzen ondorio nagusiak:
Oro har, diagnosiaren emaitzek erakusten dute Tolosaldea eskualdeko STEM jardueraren inguruko ezagutza baxua dela, eta neskek mutilek baino bokazio zientifiko-teknologiko baxuagoa dutela ere bai. Galdetegiaren emaitzak “Tolosaldeko STEAM diagnosia” ikus-entzunezkoan laburbildu dira.
Eskualdeko gazteen artean zientzia eta teknologiarekiko interesa eta motibazioa sustatzeko eta, aldi berean, eskualdeko lan-jarduera gazteenei hobeto ezagutarazteko asmoz jaio da Bizilabe Tolosaldea aisialdi-eskaintza 2020-2021 ikasturtean, Tolosaldeko udalen eta Tolosaldea Garatzenen eta Elhuyarren eskutik. Zientzia eta teknologiarekin erlazionatutako jarduerak eta eskolaz kanpoko bizipenak eskainiko ditu Bizilabek gazteentzat.
Gipuzkoako Foru Aldundiak lagundutako ekimena da hau. Euskadin zientzia- eta teknologia-ikasketak hautatzeko gazteen joera baxua da. Ez, ordea, alor horietako profesionalen beharra. Egungo egoerak agerian utzi du lehenago ere premiazkoa zen gauza bat, zientzia eta teknologiaren aldeko apustua egiteko beharra. Honen guztiaren aurrean, gazteen zientzia eta teknologiarekiko bokazioak indartzeko asmoz lagundu du Gipuzkoako Foru Aldundiak Elhuyarren eta Tolosaldea Garatzenen proiektua.
Ildo beretik, Iker Urruzola Aizpuruak, Tolosaldea Garatzeneko Lehendakariak, azaldu du eskualdeko beharrak Euskadikoekin lerrokatuta daudela eta, beraz, garrantzitsua dela zientzia eta teknologiako bokazioak sustatzerako estrategiak zehazteko orduan nondik abiatzen garen jakitea. Gisa honetako mundu mailako ikerketek erakutsi dute ezen, zientzia eta teknologiaren inguruan gazteek interesa eta jarrera positiboa duten arren, gutxiengo batek baino ez duela hautatzen halako graduak ikastea. Estatu mailako unibertsitate-ikasleen % 54,3 emakumezkoa den arren, ingeniaritzako eta arkitekturako karreretan % 26,4ra jaisten da kopuru hori. Izan ere, oso gaztetatik hasten da interes falta sumatzen nesken artean.
Garazi Andonegi Beristainek, Elhuyarreko Zientzia unitateko zuzendariak, bestalde, azaldu du Bizilabe 2017tik martxan dagoen ekimena dela. Gazteentzako ikerketa-zentroen sarea da, eta, Tolosaldean ez ezik, Bilbon, Nerbioi-Ibaizabaleko herrietan eta Debebarreneko herrietan du eskaintza.
Eskualdean proiektua abiatzeko, eskualdeko bi hirigune nagusietan ireki dira Bizilabe zentroak; Tolosan eta Villabonan, alegia. Tolosako kasuan, Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuak berritu berri dituen instalazioetan gauzatuko dira ekintzak (ostegunetan), eta, Villabonako kasuan, Gaztelekuan egingo dira (astearteetan). Bietan eskaintza bera izango da.