/ Aktualitatea / Ayuntamientos / Tolosaldeko Lanbide Heziketako ikastetxeek elkarlanean garatu dituzten bi proiektu berritzaile aurkeztu dituzte Tolosako Eskola Agenda 2030 Foroan
Tolosaldeko Lanbide Heziketako bost Ikastetxeek –Tolosaldea LHII, Inmakulada, Fraisoro, Don Bosco LHII Paper ESkola eta Peñascal Kooperatiba– urteak daramatzate elkarlanean.
Jasangarritasun irizpideak oinarri izanda, proiektu partekatuak lantzen dituzte elkarrekin, ikastetxe bakoitzak dagokion alorra jorratuz.
Ogi soberakinekin garagardoa egitearena izan zen jorratu zuten lehen proiektuetako bat. Prozesu kimikoa, ekoizpenerako makineriaren sorrera, osasun-irizpideak edota botilaratzea landu zituzten, besteak beste. Bada, orain, beste bi proiekturen berri eman dute Tolosako Ingurumen mahaian.
Basoen ekosistema izan da Lanbide Heziketako ikastetxeek aurtengo ikasturtean zehar landutako gaietako bat. Horretarako, Amarotz auzoko basoa biziberritzeko lanak ezagutu dituzte Tolosako Ingurumen Zentroarekin elkarlanean, baita prozesu horretan parte hartu ere.
Tolosako Udalak hiru hektareako natur eremu hau berreskuratzeko lanak egin ditu azken urteotan, suntsitutako ekosistema berreskuratu eta kontserbazio lanak egiteko helburuarekin.
2020. urtean hasi zen lanketa hori. Herriko talde batekin auzolandegia antolatu zen basoan garbiketak egin eta eremua erabilgarri egiteko. Urmael bat sortzeko lehen urratsak ere eman zituzten. Hain zuzen, herriko ikastetxeek eremu hori erabiltzen dute Baso Eskola proiektua garatuz, ingurumenarekin lotutako ekintza didaktikoak burutzeko.
Lanbide Heziketako ikastetxeek sasiak eta landare inbaditzaileak kendu dituzte aurten, ondoren bertako landareak landatzeko, 15 x 15 metroko eremu batean.
Basoarena ez da proiektu bakarra izan. Bonboi berezi batzuk ere egin dituzte, bertako elikagaiak erabiliz, baita horiek eramateko kaxak ere. Tknikatik jaso zuten erronkari segida eman diote bost ikastetxeek, ekonomia zirkularra landuz.
Ikastetxe bakoitzak bere alorreko jakintzak aplikatuz egin dio ekarpena proiektuari. Hala, Peñascal Kooperatibako Sukaldaritza zikloko ikasleek bonboien errezetak garatu zituzten.
Bertako lehengaiak erabili zituzten horretarako, Fraisoro Eskolak landutako Tolosako babarrunak, erremolatxak eta sagarrak, hain zuzen. Paper Eskolako Kimika industrialeko lehen mailako ikasleek sortu dituzte bonbioak biltzeko papera eta kaxak, landareen zurtoina eta porrua erabiliz. Tolosaldea LHIIko ikasleek, berriz, paper horren lehortze prozesuan lagundu dute.
Bonboien nutrizio azterketa ere kontuan izan dute, eta horretaz Inmakulada LH Ikastolako Farmazia teknikari izateko prestatzen ari diren ikasleak arduratu dira. Kaxa bakoitzak, hain zuzen, bonboien konposizioari buruzko informazioa darama.
Bonboi hauek gizarte eragileei eskainiko zaizkie opari moduan, egiten duten lana eskertu asmoz. Tolosako gozogileak ere presente izan dira gaurko foroan, proiektuaren berri lehen eskutik izateko. “Balio handiko” lana dela aitortu dute, “irakasgai bat izan da, baita guretzat ere”.
Eskualdeko Lanbide Heziketa Ikastetxe guztiak biltzen dituen lan egiteko modu hori balioan jarri nahi dute gaur Iker Urruzola Aizpuruak, Tolosaldea Garatzeneko lehendakari eta Zizurkilgo alkateak, eta Olatz Peon Ormazabal, garapen agentziako lehendakariorde eta Tolosako alkateak.
“Aitzindari izateaz gain, EAE mailan erreferente bihurtu da lan egiteko modu hau. Pozgarria bezain aberasgarria da ikastetxe guztiak elkarlanean ikustea, gainera, etorkizunera begira balio handia izango duten lanak gauzatuz. Lanbide Heziketa sare sendo bat dugu eskualdean, eta horreleko egitasmoek sare hori egonkortzen eta indartzen laguntzen dute”, azaldu du Urruzolak.
Peonek gaineratu du, “aldaketa klimatikoaren arazo globalari tokikotasunetik erantzutea ere funtsezkoa” dela. “Zentzu horretan, benetan baliotsua da proiektu hau eta funtsezkoak dira ikastetxeen konpromiso, lan eta ahalegina biodibertsitatearen zaintzarako, ekonomia zirkularraren sustapenerako eta gure herri eta eskualdeak berezkoak dituen balioen zabalkunderako”.