/ Aktualitatea / Noticias / Tolosaldea Garatzen GARAPENeko batzar orokorrean
Garapenek 2025. urterako bere kudeaketa-plana eta aurrekontua onartu ditu Batzar Nagusian
Garapenen Batzar Nagusia Ermuan bildu da gaur datorren urterako kudeaketa-plana eta aurrekontua balioztatzeko. Batzarrak oniritzia eman dio kudeaketa-planaren eta aurrekontuaren proposamenari, non Garapenek elkarlaneko gobernantza ereduaren esparruan eta sare kohesionatu batean oinarrituta enplegurako eta sustapen ekonomikorako sare ugaritan parte hartuko duela nabarmentzen den. Halaber, 2025ean hainbat proiektu garatuko ditu elkarlanean agentzien erronka komunei erantzuteko, hala nola EnpleGU proiektua, bazterkeria-arriskuan dauden kolektiboekin gizarteratze-ibilbideak garatzeko; adimen artifiziala enplegu- eta ekintzailetza-zerbitzuetan txertatzekoa; euskara enpresetan lehiakortasun-faktore gisa aitortzekoa; edo kultura- eta sormen-industriak sustatzekoa, besteak beste.
Batzarrari dagozkion edukiak jorratu eta gero Asier Aranbarri Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza Sozialaren eta 2030 Agendaren zuzendariak Euskadi Basque Country 2030 Agenda aurkeztu du, honako hau azpimarratuta: “Gobernantza-eredu egokirik gabe ezin da 2030 Agendaz hitz egin, eta eredu egokia elkarlaneko gobernantzan oinarritu behar da, lankidetza publiko-pribatuaren bidez. Horrela bakarrik izango da lehiakortasun-faktorea, hala askotariko instituzio, enpresa edo erakundeentzat nola lurraldearentzat berarentzat”. Bestalde, Fernando Sierra Euskaliteko zuzendariak GIHak erakundeen kudeaketan txertatzeko esparrua eta Euskadi Agenda 2030 saria aurkeztu ditu.
Ondoren, Alfonso Gurpegui Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarteratze sailburuordeak Enpleguaren Euskal Legearen garapenean egindako aurrerapenen berri eman du. Une honetan, enplegu-zerbitzu publikoen mapa eratzen ari dira, Euskal Enplegu Sarearen mapa berria marrazteko helburuz. Bestalde, Legeak dio Enpleguaren Euskal Estrategia 2025eko ekainerako gauzatu behar dela. Gurpeguik nabarmendu du bai enplegu-planak bai estrategia Enplegu Politika Publikoen Euskal Kontseiluaren eskumena direla eta, ondoren, Gobernu Kontseiluak onartu behar dituela. Tresna komunei dagokienez, Lanbidek prestatu eta Jaurlaritzak onartu behar ditu. “Nahiz eta Kontseiluari ez dagokion onartzea, kontuan hartuta denok erabiliko dugun tresna komuna dela, interesgarria iruditzen zaigu batera garatzea”, gehitu du Gurpeguik.
Txerra Molinuevo EUDELeko ordezkari eta Amurrioko alkateak eman dio amaiera Batzarrari, aldarrikatuz erakundeek eta tokiko eragileek lankidetza estuan jardun behar dutela Euskadiko garapen sozial eta ekonomikoa udalerrien bitartez sustatzeko: “Elkarrengandik gertuago lan egin behar dugu, estrategia partekatua izanik, gure jarduerak eragin eta gogobetetze handiagoa izan dezan gure politika eta zerbitzuen hartzaileengan”.
GARAPEN
Garapen Agentzien Euskal Elkartea da, eta EAEko garapen-agentziekin lan egiten du tokiko ekonomiaren garapenean eta hazkundean lagunduz. Garapen-agentziak erakunde publikoak dira, udalek abiatuak lana sortzeko eta bai enpresen lehiakortasuna bai biztanleen bizi-kalitatea hobetzeko, lurraldean parte hartzen duten gainerako eragileekin batera. Horixe du xede.
Garapen 34 garapen-agentziak osatzen dute, Euskal Autonomia Erkidegoko 3 lurralde historikoetan banatuta.