/ Aktualitatea / Turismo / Tolosaldeaz gozatzeko eskaintza zabala osatu dute eskualdeko turismo eragileek, bisitarien goranzko joerari erantzuna eman asmoz
Tolosaldea prest dago, beste uda batez, bisitariak hartzeko, eta duen ondare, kultura, natura eta gastronomia aberastasuna ezagutzera emateko.
Hain zuzen, bisitariak erakarri nahian, esparru horiek indartzen dituen komunikazio kanpaina abiatuko da gaur, ‘Naturarekin konektatu, gure kulturarekin ikasi eta bizipenekin gozatu… bizi Tolosaldea nahieran’ lelopean.
Eta, behin bisitariak gurean direla, bisita gidatu eta esperientzia andana antolatu dituzte, museo, interpretazio zentro, udal, ekoizle eta bestelako eragileek, gure eskualdeko bizipen horiekin goza dezaten.
Horietako batzuk egun eta ordu zehatzetan egin ahal izango dira, eta beste batzuk eskaripean, nahiz eta aurrez erreserba egitea gomendatzen den tokia izateko.
Ostiraletik aurrera, turismo bulegoak egunero zabalduko ditu ateak, eta ordutegia ere zabalagoa izango du: astelehenetik igandera, 10:00etatik 14:30era eta 15:30etik 19:00etara. Tolosa ezagutzeko bisita gidatuak, ordea, –alde zaharra, Azoka eta Andre Maria elizarena, hain zuzen– astelehenetik larunbatera goizez eskainiko dira.
Tolosan jarraituz, TOPIC museoak, astelehenetan ez beste egunetan irekiko ditu ateak. Eta Rafa Gorrotxategi museoak, berriz, bisita libreak ez ezik, eskaripeko bisita gidatuak eta txokolate tailerrak ere antolatu ditu.
Amezketan izango da nobedade nagusia: Pello Zabala guneak lehen uda egingo du bisitariak artatzen. Espazio berriaz gain, San Bartolome eliza eta argizaiolak ezagutzeko bisita gidatuak eskainiko ditu, baita talo tailerrak ere, errotan bertan.
Alkizan, berriz, Herniorako bidean garbitu duten urmaela bisitatzeko aukera izango da lehen aldiz, baita inguruko hegazti harrapariak ikusteko ere. Horrez gain, Alkizan antzina batean euskaraz idatzitako bestseller baten istorioa berreskuratuko du Fagus Alkizak, bere inguruko erakusketa jarriz. Horren aitzakian, Euskaltzaindiak omenaldia egingo dio, uztailaren 22an, liburuaren idazle Juan Irazustari, bere heriotzaren 250. urteurrenean.
Larraitzen, Txindokiko Itzala abentura parkean, berriz, Aralarko Parke Naturalean arroila jaitsiera eta eskalada egiteko aukera ere eskainiko dute taldeentzat. Zuhaitz parkea, aldiz, egunero izango da zabalik, uztailan eta abuztuan.
BISITA GUZTIAKEzin ahaztu herrietako festak: uda osoan ia astero izango da festarako aukera herriren batean ez bada, bestean. Egitarau guztiak tolosaldea.eus-eko agendan izango dira argitaratuta.
Eskaintza zabala bada, eskaria ere horrelakoa izatea espero da. Esate baterako, nekazalturismo eta landetxeen batez besteko okupazioa, urte hasieratik hona, 2019koa baina hobea izan da, bereziki apiriletik aurrera. Beraz, udari begira dauden aurreikuspenak positiboak dira.
Tolosaldean turismoaren garapen jasangarri bat ematen ari da. 2016an 445 plaza zeuden lotarako; 609 dira une honetan. Era berean, museo, interpretazio gune eta zerbitzu ezberdinak jarri dira martxan, publiko nahiz pribatuak. Oraindik ere Gipuzkoako turismoaren merkatu kuota txikia badugu ere, urratsak ematen jarraitzen du eskualdeak, ekimen pribatu eta publikoari esker.