/ Aktualitatea / Empresa / Tolosaldeko enpresek lankidetza aukerak aztertu dituzte
Eskualdeko enpresen arteko hartu-emana sustatu, enpresen arteko mahai-inguruak antolatu eta horien arteko lankidetza ezberdinek ekar ditzaketen aukerak identifikatzeko proiektua abiatu zen irailean.
Tolosaldea eskualdeko enpresa-sarearen kohesioa indartu eta etorkizuneko lankidetza aukeren identifikazioa burutzeko helburuarekin bi tailer burutu ditugu. Ekintza hau aurrera eramateko, OTEIC Aholkularitza-etxearekin lankidetzan aritu gara.
Eskualdeko enpresen egoera ezagutu eta esku artean izan ditzaketen arazo edo gai nagusiak mahai gainean jarri dira agentziatik horri erantzun bat emateko aukera dagoen analizatzeko. Sektore desberdineko 16 enpresek parte hartu dute mahai inguru hauetan. Horien artean mekanizazioa, ingeniaritza, piezen fabrikazioa, industria manufakturatzaileak, garraioa, zerbitzuak eta publizitate zerbitzuak sektoreko enpresak, besteak beste.
Garaturiko tailer edo dinamikek posible egin dute gai edo alor ezberdinen inguruko hausnarketa indibidual zein partekatua, honek enpresa bakoitzaren zein eskualdeko sare ekonomikoaren beharrak eta behar horien erantzunak identifikatzeko balio izan duelarik.
Taldekako dinamikaren ondoren, ondorioak elkarbanatu dituzte, eta Tolosaldea Garatzenek etorkizunean elkarlan horiek ahalbidetu eta bideratu ditzan, eskakizun zehatzak egin dituzte.
Lankidetza aukerei balio erantsia eman eta sortu diren harremanak indartzeko, bere tresna eta baliabideak enpresen eskura jarriko ditu Tolosaldea Garatzenek, etorkizuneko erronken aurrean bidelagun izateko konpromisoari eutsiz.