/ Aktualitatea / Turismo / Tolosa Gourmet / Tolosaldeko Gastronomiaren jatorria ezagutzeko bisita gidatuak abuztuan eta irailean
Tolosa Gourmet klubeko bazkide diren ekoizle eta jatetxeekin abuzturako eta irailerako eskaintza berezia osatu da.
Astebururo ekoizleren bati bisita egin eta produktu horiekin osatutako otordua egiteko aukera eskainiko da. Zortzi bisita egiteko aukera izango da, bertako produktu ezberdinetara gerturatuz: gozoa, babarruna, piparra, euskal txerria, esnekiak, sagardoa eta txakolina.
Talde mugatutan eta osasun neurriak betez, ekoizle gehienak landa ingurunean egonik, aisiarako aukera erakargarria izatea espero dugu.
Osasun krisian, berebiziko garrantzia hartu du bertako produktuak kontsumitu behar izateko kontzientziak. Elikagai kate osoaren eta kontsumitzaileon inplikazioa beharrezkoak direla konturatu gara, bai ingurumenean duen inpaktu positiboagatik, baita komunitatearen elkar zaintzaren beharragatik ere. Tolosaldea lanketa horretan eredu da, eta beraz, turismotik ere gure ekarpena egin nahi diogu, bertako produktuak eta hauen atzean daude ekoizpen prozesu eta pertsonak ezagutarazteko. Noski, produktu hauek maisuki prestatzen dituzten gure sukaldarietaz ahaztu gabe, hauek baitira produktuaren preskribatzaile onenak.
Eskuorri bat prestatu da alojamenduetan, jatetxeetan eta turismo bulegoetan banatzeko. Online eta offline iragarkiak ere jarri dira martxan EAE, Nafarroa eta Iparraldeari begira. Beraz, bertan geratzea erabaki dutenentzat nahiz kanpotik datozenentzat, aisiaz gozatzeko aukera paregabe honetara gonbidatu nahi ditugu.
Programa
Gozoa: txokolatearen jatorrira bidaia Rafa Gorrotxategi Museo berrira bisita eta dastaketa. Abuztuak 1, larunbata 📍 Tolosa | 10€
Babarruna: perla beltzaren ingurune pribilegiatua Urkizuko babarrun landaketa batera bisita. Abuztuak 8, larunbata 📍 Urkizu, Tolosa | 10€
Babarrun-jatea: mahaiaren bueltako ohitura herrikoia Urkizuko babarrun landaketa batera bisita eta babarrun-jatea HIKAn. Abuztuak 8, larunbata 📍 Urkizu, Tolosa 📍 Amasa | 45,2€
Ibarrako piparra: Udako produktu izarraren aniztasuna Txumitxaren pipar landaketara bisita eta dastaketa. Abuztuak 16, igandea 📍 Ibarra | 10€ Esnekiak: Txindoki magaleko landa-bizitza Orendaingo Larreta baserrira bisita eta dastaketa. Abuztuak 22, larunbata 📍 Orendain | 10€
Euskal Txerria: Bertako arraza berreskuratuz Izaskungo Damasoro etxaldera bisita eta dastaketa. Abuztuak 30, igandea 📍 Izaskun, Ibarra | 10€
Sagardoa: barneratu sagardoaren kulturan Aburuzako sagastietara bisita eta bazkaria sagardotegian Irailak 5, larunbata 📍 Aduna | 40€
Txakolina: tradizioa eta berritasuna, elegantziarekin HIKA Txakolindegiko mahastietara bisita eta bazkaria Irailak 12, larunbata 📍 Amasa | 57,2€
Txakolina: barnealdeko txakolinaren berezitasuna Inazio Urruzola txakolindegira bisita eta bazkaria upategian Irailak 19, larunbata 📍 Alkiza | 55€
Erreserbak Turismo bulegoan egin ahal izango dira, baita 943 697 413 telefono zenbakira deituta, tour@tolosaldea.eus helbidera email bat idatzita, edota tolosaldea.eus webgunean izena emateko inprimakia beteta.
Azkenik, jatetxe eta ekoizle guztien zerrenda, prezioak eta itxierak jasotzen dituen gida berritua ere argitaratu da, bisitariari eskualdeko eskaintza gastronomiko osoa ezagutarazteko tresna gisa.
Elkarlanean, egoerari aurre egiteko
Ekoizleak, ostalariak eta entitate publikoak, guztiok elkarrekin, egoera honi aurre egiteko ahaleginean gaude, eta horrela jarraituko dugu, beti ere, neurri guztiak bermaturik lan eginez. Eta zentzu horretan, bertakoei nahiz bisitariei begira, sektore osoaren konpromiso irmoa irudikatu nahi izan da.