/ Aktualitatea / Turismo / Tolosaldeko mendi ibilbide homologatuen gida argitaratu du ‘Tolosaldea Turismoa’-k
Tolosaldea Garatzeneko Turismo Sailak eskualdeko mendi ibilbide homologatuen (SL, PR edo GRak) gida argitaratu berri du.
Behar bezala seinaleztatutako 31 mendi-bideren inguruko informazioa jasotzen du eskuorriak, guztiekin osatutako mapa batekin batera: deskribapen laburra, distantzia, zailtasun-maila, iraupena eta malda, esaterako.
Ibilbide guztiek hasieran informazio panel bat dute, eta marra txuri-berde, txuri-hori edo txuri-gorriekin markatuta daude, zailtasunaren arabera. Guztietan balio natural, paisajistiko, etnografiko edo historikoak aurkitu ahal izango dira, eskualdea ezagutzeko aitzakia ezin hobea direnak.
Tolosaldeko udalek diseinatu eta markatutako ibilbideak dira gehienak, Aralarko Parke Naturaleko ibilbideak eta etapetan egiten diren GRak izan ezik, azken hauek Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumenekoak baitira. 15 herrik sortu dute, hain zuzen, eskaintza zabal hau.
Oinarrizko informazioaz gain, eskuorrian bideen gogortasun tekniko nahiz fisikoa baloratzeko mendizaleek erabiltzen duten MIDE komunikazio sistemaren arabera ere sailkatuta ageri dira ibilbideak. Lau ezaugarri –ingurunea, ibilbidea, ibilaldia eta ahalegina– hartzen dira kontutan, bakoitzari 1etik 5erako puntuazio esleituz.
Segurtasuna bermatzeko eta ingurunea errespetatzeko hainbat gomendio ere jasotzen ditu.
Gidak Tolosako Plaza Zaharrean kokatzen den Tolosaldeko Turismo Bulegoan daude eskuragai, nahi duen ororentzat.
DESKARGATU GIDAIbilbide gehienen informazioa www.tolosaldea.eus webguneko mendi ibilbideen atalean nahiz Tolosaldea Turismoak duen Wikiloc-eko kontuan ere eskuragarri dago, nahiz eta momentu honetan, falta diren mendi ibilbideen informazioa osatzeko lana egiten ari diren.