/ Aktualitatea / Ayuntamientos / Tolosaldeko transizio energetikoaren bidean, urrats bat gehiago
Akordioaren helburua Gipuzkoako jasangarritasun energetikoaren estrategia zabaltzea da, eskualdeko energia-planak bultzatuz. Horretarako, Tolosaldea Garatzenek 55.000 euroko ekarpen ekonomikoa jasoko du Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuaren aldetik. Jasangarritasun Departamentuaren helburua da Gipuzkoako eskualde guztiek beren energia-plan propioa izatea, lurraldearen jasangarritasun energetikorantz aurrera egiteko, “Gipuzkoa Klima 2050” Klima Aldaketaren Gipuzkoako Estrategian ezarritako helburuekin bat etorriz eta Tolosaldea Garatzen agentziaren helburu da azken urteetan aurrera eramaten ari den Piztu Tolosaldea Energia Plana aurrera eramatea.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak 550.000 € bideratuko ditu eskualdeko energia-planak sustatzeko, pobrezia energetikoari aurre egiteko eta Gipuzkoako eskualdeetan eredu energetiko jasangarria sustatzeko. Proiektua José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuak eta Tolosaldea, Debabarrena, Oarsoaldea, Urola Erdia, Goierri, Urola Garaia, Debagoiena, Beterri-Buruntza, Bidasoa eta Urola Kosta eskualdeek sinatutako hitzarmenaren bidez gauzatu da.
Horri dagokionez, José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuak adierazi duenez, “orain inoiz baino gehiago, funtsezkoa da Gipuzkoan trantsizio energetiko bidezko eta jasangarri baterantz aurrera egitea. 550.000 euroko inbertsio honen bidez, gure eskualdeei laguntzen diegu energia berriztagarrien erabilera eta energia-eraginkortasuna sustatuko duten tokiko energia-planak gara ditzaten. Horrek pobrezia energetikoari aurre egiten lagunduko du, gure mendekotasun energetikoa eta CO2 emisioak murriztuko ditu, Klima Aldaketari buruzko Gipuzkoako “Gipuzkoa Klima 2050” Estrategiaren ildotik. Eskualde-garapeneko agentzien parte-hartzea funtsezkoa da, herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak baitira eta tokiko ekintza eraginkorrak koordina baititzakete. Udalerri guztiekin batera lan egiteko konpromisoa dugu, guztiontzako Gipuzkoa berdeagoa eta bidezkoagoa lortzeko”.
Tolosaldea Garatzenek EnergiA Planaren bitartez egindako ekintzak, funtsean, lau jardun-eremutan zentratzen dira: lehena, energiaren arloko eskualdeko solaskidetza, udalekin koordinatuta. Bigarren jarduera-eremua energiaren arloko eskualde-plangintza bultzatzea da, herritarrei eta eragileei zuzendutako ekintzak garatuz. Hirugarrenik, Energiaren Eskualdeko Mahaiaren dinamizazioa; eta, azkenik, Gipuzkoako Energia Jasangarriaren eta Pobrezia Energetikoaren Lurralde Mahaian integratzea.
Hitzarmen horien helburua jasangarritasun energetikoko estrategia komun bat bultzatzea da, eredu energetiko jasangarri bateranzko aldaketa bultzatzeko, Gipuzkoako gizartearen pobrezia energetikoa murriztea eta prebenitzea, mendekotasun energetiko txikiagoa eta CO2 emisioen maila gero eta txikiagoak ahalbidetuko dituena.