/ Aktualitatea / Noticias / TOLOSALDEKO UDALERRIAK AURRERA EGITEN ARI DIRA JASANGARRITASUN ENERGETIKOAREN ALORREAN, TOLOSALDEA GARATZENEN ESKUTIK
Tolosaldea udalerri ugariko eskualdea da – 48.000 biztanle baino gehiago dituzten 28 udalerri –, eta horietatik 19k 1.000 biztanle baino gutxiago dituzte.
Gobernu-talde berrien eraketak markatutako urte honetan, udal txikiek legealdi honetan izango duten erronketako bat trantsizio energetikoa eta klima-aldaketara egokitzea izango da. Egungo Jasangarritasun Energetikoari buruzko 4/2019 Legeak eta etorkizuneko Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari buruzko Legeak ere ezartzen dituzte dagoeneko agerikoak diren erronka horiek.
Tolosaldea Garatzenek, eskualdeko udalerrientzako erreferentziazko erakundea den aldetik, badu ibilbide bat plangintza energetikoaren arloan eta 2024an Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren etorkizuneko Legera egokitzea aurreikusten du. Gainera, Tolosaldea Garatzen-ek Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetza-hitzarmena du, eskualdeko udalerri guztiei laguntza emateko eta horietara iristeko, batez ere udalerri txikienetara.
Testuinguru honetan, urte hasieran Tolosaldeko Energia Mahaia bildu zen, 2023. urtearen balantzea egiteko eta 2024an lehenetsi beharreko ekintzak proiektatzeko. Guztira, 28 udalerrietatik 22 hurbildu ziren.
Eskualdeko energia plangintzan aurrera egiteko, udalerri bakoitzaren egungo egoeraren diagnostikoa egin da, inkesta baten bidez, legea betetzeari dagokionez, eta kasu bakoitzean premiazkoenak diren beharrak identifikatu dira. Emaitza horiek Energia Mahaian partekatu dira eta udalerri txikienen kasuan, aurrez aurreko bilerak egin dira, legearen eskakizunei erantzuteko eta udalerri bakoitzaren bidea zehazteko ekarpenak eginez. Lanketa honi esker eskualdeko udalek datozen urtetan energia arloan eman beharko urratsak ezarri dituzte. Tolosaldeko udalek eta Tolosaldea Garatzen garapen agentziak konpromiso argia dute Tolosaldean karbono baxuko modelo energetiko batera trantsizioan eta trantsizio honek eskualdeko eragile desberdinei, herritarrei, saltokiei zein enpresei suposatzen dien erronkei aurre egiten laguntzea dute helburu.