/ Aktualitatea / Turismo / Azken urteotako okupazio daturik onenak eskuratu ditu Tolosaldeak, 2022ko udan
Asko izan dira uda honetan gure eskualdearen altxorrak ezagutzen ikusi ditugun bisitariak. Eta pertzepziotik harago, turismo sektorearentzat, oro har, uda baikorra izan dela erakusten dute datuek. Batik bat, lotoki eta jatetxeentzat.
Tolosaldeko nekazalturismo eta landetxeek azken hamarkadako okupazio daturik hoberenak izan dituzte, esaterako, uztailan, batez besteko %60ko okupazioarekin. %82koa izan da abuztuan, 2019ko datuak ere hobetuz. Joera hori hotel eta pentsioetan ere gailendu da: uztailean jada %75ko okupaziora iritsi ziren eta abuztuan, azken datu ofizialen zain, beteta izan dira horietako asko.
Turismo bulegoko bisitariei dagokienean, Euskadiko joera orokorra islatu da Tolosan kokaturiko eskualdeko turismo bulegoan. Atzerritar kopurua abuztuan hirukoiztu egin da, aurreko urtearekin alderatuta. Estatuko bisitaria, aldiz, zertxobait jaitsi da.
Atzerritarren artean, gehienak frantziarrak izan dira. Bigarren jatorri errepikatuena Italia izan da, eta segidan izan ditu Belgika eta Erresuma Batua. Azken hau izan da, hain zuzen, gehien hazi den merkatua atzerritarren artean.
Estatuko bisitariak zertxobait jaitsi badira ere, ohiko datuak errepikatu dira aurten ere: kataluniarrak eta madrildarrak izan dira nagusiki; hirugarren lekuan, aurten andaluziarrak gehiago izan dira, laugarren lekuan ageri diren valentziarren ordez.
Egoera aldakorra
Bestelakoa izan da museo, bisita gidatu, bisitariak hartzen dituzten ekoizle edo turismo aktiboko zerbitzuek izan duten harrera. Egoera guztiz ezberdinak eman dira, batik bat kokalekuen arabera.
Orokorrean herri txikietara iristea –lotarako izan ezik– gehiago kosta zaie bisitariei. Hori antzeman da, esaterako, Txindokiko Itzaleko informazio puntuan: estatuko bisitari kopurua nabarmen jaitsi da, eta ez da horrenbeste turista atzerritar iritsi.
Tolosan, berriz, jende andana gerturatu da Rafa Gorrotxategi Txokolatearen Museora, nahiz TOPIC Zentrora.
Turismo jasangarri bat helburu
Garapen agentziatik nahiz udaletik nabarmendu dute datuok erakusten dutela “turismo sektorea indartzeko egindako apustu sendoak norabide egokian egindakoak” direla, turismo bulego berriaren sorrerarena kasu.
Turistak erakarri eta fluxua ondo bideratzeko, eskaintza gaurkotzen, digitalizatzen, eredu jasangarria sustatzen eta kalitatezko arreta ematean zentratu da Tolosaldea, eta norabide horretan jarraitzeko asmoa berretsi dute erakundeek.